Garraio publikoan, musukorik gabe
Jada ez da derrigorrezkoa musukoa erabiltzea garraio publikoan. Zentro sanitario eta soziosanitarioetan oraindik derrigor jantzi behar da.
Garraio publikoan maskararik gabe bidaiatu daiteke gaurtik. Espainiako Ministroen Kontseiluak atzo onartu zuen musukoa garraio publikoan jantzita eramateko agindua ezeztatzeko araua, eta gaur sartu da indarrean. Bi urte pasa dira musukoaren erabilera derrigorrezkoa bilakatu zenetik.
2020ko uztailean derrigortu zuen Eusko Jaurlaritzak musukoa espazio itxietan zein kalean erabiltzea. Handik ia urtebetera kendu zuten kalerako derrigortasuna. Geroago ezeztatu zuten barrukoa, iaz. Eta, partzialki. Izan ere, garraio publikoan eta zentro sanitarioetan eta soziosanitarioetan derrigorrezkoa izaten jarraitzen zuen. Gaurtik, garraio publikoaz gain, optiketan, audiometria zentroetan eta ortopedietan, ez da derrigorrezkoa.
Zentro sanitario zein soziosanitarioetan derrigorrezkoa izango da oraindik. Anbulategiez edo ospitaleez gain, baita farmazia eta botikinetan ere, bertan lan egiten dutenentzat zein zerbitzuetako erabiltzaileentzat.
Adituek zuhurtziaz jokatzeko deia egin dute, eta pertsona zaurgarrienek eta ingurukoek musukoa modu egokian erabil dezaten.