Kimetz Elkarteak 29. kontakizun lehiaketan parte hartzera deitu du
Gaia librea izango da. Lanak apirilaren 18a baino lehen bidali behar dituzte parte hartzaileek, eta maiatza eta ekaina artean emango da erabakia.
28. kontakizun lehiaketako sari banaketa, iaz.//Iñaki Hidalgo Ordiziako Kimetz Emakumeen Elkarteak 29. kontakizun lehiaketa jarri du martxan, eta parte hartzera deitu dituzte herritarrak. 18 urtetik gorako edonork parte har dezake. Pertsona bakoitzak kontakizun bakarra aurkeztu dezake.
Gaia librea izango da. Kontakizunek gutxienez 5 orrialdekoak izan behar dute, eta gehienez 10 orrialdekoak. Euskaraz nahiz gazteleraz egin daitezke. Mekanografiatua izango da, espazio bikoitzean eta orriak alde batetik idatziak. Proposamenak apirilaren 18a baino lehen bidali behar dira, emailez, kimetzemakumeenelkartea@gmail.com helbide elektronikora, testuan egilearen izenburua eta leloa adieraziz. Bigarren mezu batean, gaiaren izenburua eta parte hartzailearen datuak adieraziko dira.
Epaimahaia literatur munduko adituek osatuko dute. Haien izenak erabakiarekin batera jakinaraziko dituzte. Epaimahaikideen erabakia maiatza eta ekaina artean emango da.
Bi sari banatuko dituzte, biak 600 eurokoak. Bata, euskaraz idatzitako kontakizunik onenari emango diote, eta bestea, gazteleraz idatzitako kontakizunik onenari. Bi lan horietatik bat gutxienez ez bada emakume batek idatzitakoa, beste sari bat banatuko dute, 200 eurokoa, emakume batek idatzitako kontakizunik onenarentzat. Sari nagusi horiez gain, ordiziar batek idatzitako kontaketarik onenaren saria ere banatuko dute, 150 eurokoa. Ez dira berriro sarituko aurretik irabazle izandakoak, sari eskuratu zutenetik hiru urteko epean.
Iaz, Legazpira eta Valentziara
29. aldiz antolatuko da aurtengo lehiaketa. Iazkoan, euskarazko lanik onenaren saria Ane Odriozola legazpiarrak irabazi zuen, ‘Keniako elefantea’ lanarekin. Gaztelerazko idazlan onenaren saria, aldiz, Valentziako Jose Borreda Mateurentzat izan zen, ‘A la mierda, Sergio Dalma’ lanarengatik. 446 idazlan jaso zituzten iaz.













