Lore kontuetan jarri du arreta gaurko feriak
Eguraldi hotzagatik baratzeak geldi dauden honetan, landare berriak iritsi dira lore saltzaileen postuetara.

Negu garaiko eguraldiari men eginez, baratzak lehor daude produktu berrien etorrerari dagokionez, eta Ordiziako ferian ere antzematen da hori, azken asteotan oso berritasun gutxi agertu direlako. Gaur goizean ere berdin gertatu da, eta baratzetik, behintzat, ez da ezer berririk iritsi.
Berri kontuak, aldiz, loreek jarri dituzte, nahiz eta oraindik urruti dagoen udaberria sumatu ere ez den egiten. Eguraldi hotza eta iluna izan da gaur goizekoa, eta Goierriko txoko honetan eguzkia ez da ikusi berandu arte.
Landare gutxi, lore asko
Baserritarrek esan dutenez, hotzak ez dio landareari laguntzen, eta baratzak geldi daude horregatik, landatutakoa ez da hazten. “Tenperatura baxuak egiten ditu, eguzki gutxi ikusten da… horrela ezin da”, aipatu du Ibarrako Monteseko Patxi Izagirrek, oso landare gutxi saltzen ari direla arrazoitzeko. Beste urte batzuetan San Blas egunaren bueltan, otsailak 3, udaberriari begirako landare salmenta poliki hasita egoten dela esan du, baina aurten, eguraldiagatik, atzeratuta dabilela gehitu du. Egunak noiz epelduko zain dago Izagirre, baita gainerako landare saltzaileak ere.
Lore saltzaileak ere antzera dabiltza, eguraldiak ez badu laguntzen jendeak ez duelako lorerik erosten. Hala ere, zer saldu badute, eta garai honetarako aproposak diren lore landareen eskaintza zabala dute. Berrien artean, Iñaki Azanzak nartzisoa (hiru erraboil, 2,5 euro), dimorfoteka edo margarita (5,5 euro), izpilikua (5,5 euro), arrosa (12,5 euro) eta argizari lorea deitzen den zuhaixka (17 euro) erakutsi ditu, eta lehendik zituenetatik udaberri lorea (2-7,5 euro), hiazintoa (2,5 euro hiru erraboil), azalea (6-15,5 euro), errododendroa (24,5 euro), pentsamendua (1,10-1,20 euro), ziklamena (4,20-7 euro) eta kalantxoea (4,20 euro) nabarmendu ditu.
Azanzak, bestalde, datorren asteartean ospatzen den San Balentin edo maiteminduen eguna izan du hizpide. Maiteminduena “desagertu den espezie bat” dela esan du, eta atsekabetuta gehitu du, garai batean bezala gaur ia inork ez diola lorerik oparitzen bikoteari.

Edurne Jauregi sahats eta Cydonia Haponica zuhaitzen adarrekin
Bestelako loreak ere izan dira salgai gaur, Baliarraingo Edurne Jauregiren postuan, hain zuzen, Cydonya japonica deituriko zuhaixkaren eta sahatsaren adarrak. Lehena, kolore arrosa biziko loreez beteta, arrosen familiakoa da eta sorta 2,5 euroan jarri du salgai. Sahatsak, aldiz, lore apalagoak ditu koloreari dagokionez, baina ikusgarriak ere badira (sorta 4 euroan).
Almeriako ortukoa, garestia
Plaza Nagusian ia berritasunik ez da azken asteotan, baina fruta sailtzaileenetan ere ez. Gaur, prezioen igoera zen albiste horien artean. Almerian ere hotz egin du azken egunetan, eta horrek prezioak igotzea eragin gu. Gehien garestitu direnen artean, azalorea (unitatea 3,95 eta 4,5 euro artean), brokolia (4,24-4,9 euroan kiloa), piper gorriak eta berdeak (3,95-4,95 euroan kiloa) eta alberjinia (3,5-4,5 euroan kiloa) aipatu dituzte Rueda postuko saltzaileek.
Japoniarrak bisitan
Gaurko ferian, bestalde, izan da bitxikeri bat, bisitari talde batek jarri duena, alegia. D’elikatuzeko Gema Lopez gidari zutela, japoniar talde txiki bat Plaza Nagusian postuz postu ibili da, hemen ekoizten eta saltzen diren produktuak ezagutzen eta erosten. Donostian daude ostatu hartuta, eta inguruak ezagutzeko txango bat egin dute gaur, Ordizian geldialdia eginez.