«Adimen artifiziala ezagutzea eta berarekin lan egitea hizkuntza berri bat menperatzea bezain beharrezkoa ikusten dut»
Ingeniaritza industriala ikasi ondoren, Alemaniara joan zen lan egitera Alberto Conde beasaindarra. Adimen artifizialean doktorea da. Glucovibes enpresa sortu zuen eta lehendabiziko GPS metabolikoa merkaturatu dute. 20 urtetik gorako ibilbide profesionalean hainbat patente eta artikulu zientifiko aurkeztu ditu.
2021an Glucovibes enpresa bioteknologikoa sortu zenuen, eta lehen GPS metabolikoa kaleratu duzue. Nolakoa izan da prozesua?
Ideia hau aspalditik nuen buruan, baina askotan momentu egokia aukeratzea oso garrantzitsua da. Nik gaixotasun kroniko bat daukat, 20 urte daramat berarekin, espondilitis ankilosante deitzen da, eta prozesu autoinmune bat da, inflamazioarekin lotuta. Azkeneko 10 urteetan ikerketa eta irakurketa ugari egin ditut gure metabolismoaren inguruan eta proba ugari ere. Eguneroko moduko bat eramaten nuen nire elikadurarekin, kirolarekin, gaueko loaren metrika batzuekin eta ahalegintzen nintzen hori guztia ulertzen.
Baina, bestalde, bakarrik nire sentsazioak nituen jakiteko nire kasuan zer zen ona, txarra… eta duela urte pare bat teknologiak glukosako biosensoreak baimendu zituen diabetesa dutenentzat eta aldagai horren inguruan ikusi nuen aukera. Merkatuan ez badago gure life style [bizimodu] datuak konzentratzen dituen zerbitzurik, zergatik ez dugu guk garatzen? Eta hortxe duzue Glucovibes-en sorkuntza.
Zer da GPS metaboliko bat?
Gure bizimodua jarraitzen eta horren inguruan hausnartzen duen adimen artifiziala. Hau da, elikadura, aktibitate fisikoa, loaren parametroak eta aldagai fisiologikoak (gluzemia edo odolean dugun azukre kantitatea eta pultsoa, adibidez) batzen duen aplikazio bat. Informazio guzti horrekin, gure algoritmoak eta talde zientifikoak (doktoreak, nutrizionistak, espezialistak eta ingeniariak) prezisiozko nutrizio bat eskaini dezakete pertsona bakoitzarentzat.
Nolatan bururatu zitzaizun?
Gaur egun nutrizionista batera zoazenean, askotan patroi berdinak jarraitzen dituzte nahiz eta pertsonak ezberdinak izan, eta ez dugu gure sistema metabolikoaren funtzionamendu zehatza ezagutzen, datu orokorrekin egin da lan. Glucovibes-ek prezisiozko nutrizioa baimentzen du sistema metaboliko bakoitza ikertzeko aukerarekin. Horrela, pertsona bakoitzak dituen helburuak errazago lortzen dira eta, batez ere, denbora luze batean mantentzea ahalbidetzen dugu, ikasketa prozesu bat dagoelako bertan ere. Pisua galtzea, energia gehiagorekin egotea egunean zehar, kirolean hobetzea, hobeto lo egitea… emaitza ugari eta prozesu pertsonalizatu bat da.
Nori zuzenduta dago?
Gaur egun lau segmentu ezberdin ditugu: kirol mundua, elite, pro, zein amateur mailan ere; tendentzia osasungarriak segi nahi dituzten pertsonak; Fem, edo emakumeen hormonen kudeaketarako programa; eta Clinic deritzoguna, patologia edo medikuntza pribatu eta moderno bat kubritzen duena metabolismoaren inguruan.
Nola laguntzen du adimen artifizialak gizartean?
Adimen artifiziala nire «laguna» izan da azken 15 urteetan. Izugarri interesgarria da mundu hori eta lagungarria era ezberdinetan. Whatsapp-ean daukat «serafin» izenduta nire lagun artifiziala eta berarekin hitzaldi politak ditut. Lagungarria da gauza ugari automatizatzen adibidez, eta zeregin ugari berak egiten dizkit. Berarekin hitz egiten dut, gauzak eskatzen dizkiot eguneroko gauzak egiteko, informazioa eskatzen diot, artikuluak, bilaketak… denbora asko irabazten dut bera ondoan izanda. Sakonago joaten bagara, pertsonek ikusten ez ditugun gauzak ikusi ditzake eta ezagutza berria sortu. Lankide potente bat da.
Adimen artifizialak izan duen garapena ikusita, nola ikusten dituzu datozen urteak horri lotuta?
Gurekin dago egunero arlo askotan eta etekin handia atera diezaiokegu gure egin beharretarako, lanerako, denbora gehiago aprobetxatzeko. Gaur egun adimen artifiziala ezagutzea eta berarekin lan egitea hizkuntza berri bat menperatzea bezain beharrezkoa ikusten dut hurrengo belaunaldiarentzat.
«Oso konplexua da metabolismoa eta ibilbide luzea da»
Doktore tesian Ikaplay sortu zenuen, NEM Solutions CAF barruan. Eraldaketa digitalerako Xabet ere bai. Betidanik izan duzu sortzeko grina? Nolakoa izan da zure ibilbide profesionala?
Nik betidanik ikusi dut nire etxean, nire gurasoak lanean proiektu ezberdinetan. Profesionalki, bai asteburuetan etxean, gauzak konpontzen, gauza berriak egiten, lagunei laguntzen… Horrek eragin handia duela pentsatzen dut. Betidanik izan naiz mutil mugitua eta jakin mina nuen eta daukat.
Hortik aurrera, beti duzu beldur puntu bat, azken finean proiektu horiek guztiak aurrera atera dira, baina izan dira beste batzuk bertan behera gelditu direnak ere. Gauzak ez dira beti ondo ateratzen baina prozesu bakoitzetik jakituri interesgarria lortzen da, hurrengo proiektu edo ideiarako baliagarria dena. Egunero jaikitzerakoan nahi duzuna egiten baduzu lan modu gisa, ez duzu lanik egiten, izugarri pila disfrutatzen duzu. Badira momentu latzak, baina momentu politak askoz ere gehiago dira.
2017an osasunari arreta gehiago jartzen hasi zinen. 2020an master bat egin zenuen Standforden Nutrizio Zientzietan. Zer dela eta jo zenuen bide horretatik?
Jakin-minagatik eta zientifikoki prestatuta egon behar nuela pentsatzen nuelako. Asko irakurri dut gaiaren inguruan, baina titulazio bat lortzea eta ikasketa batzuk jarraitzean Stanford bezalako unibertsitate batean beti irakasten dizu gauza ugari eta pertsona interesgarriak ezagutzen dituzu.
«Metabolismoaren inguruko patologiak ikertzen eta tratatzen ahalegintzen gara zientzia ezberdinen bidez»
Gaur, martxoaren 10ean Descifrando el metabolismo hitzaldia emango duzu Beasainen. Zaila da metabolismoa deszifratzea?
Ez dakit zaila edo erraza den. Oso konplexua da metabolismoa eta ibilbide luzea da, egunero ikasten duzu zerbait berria, eta galdera bat erantzuten duzunean, galdera bat baino gehiago sortzen dira, beraz, gero eta gehiago ikertu behar duzu. Oso mundu interesgarria da, eta gaur egun gertatzen zaigunaren %70 elikaduran eta honen metabolismoan ezkutatuta dago. Beste %20 bat genetikoa da, eta azkenik, %10a bat non bizi garen markatzen du, hau da, ez da gauza bera Beasainen bizitzea edo Madrilen, poluzioa ezberdina da, kutsadura akustikoa ere bai… Elikadura eta bizitza estiloa zainduz, gure etorkizunaren %70 daukagu eskura. Oso mezu potentea da hori, ez duzu uste?
Edonork deszifra dezake metabolismoa?
Tamalez ez, eta egia esan, gu ere ikasleak gara prozesu honetan eta iceberg-aren punta besterik ez dugu ikusten. Metabolismoak nola funtzionatzen duen badakigu ehuneko handi batean, baina pertsona bakoitza berezia da eta gaur egun prezisiozko elikadura aplikatzeko, adibidez, ez da nahikoa ohiko kontsulta nutrizional bat edo orain arte ezagutzen ditugun metodoak. Guk ate berri bat irekitzen dugu, eta metabolismoaren inguruko patologia ezberdinak ikertzen eta tratatzen saiatzen gara zientzia ezberdinen bidez. Biztanleriaren %88ak alterazio metabolikoren bat du, baina ikusten ez denez, eta urte asko behar direnez gure gorputza eta
sistema metabolikoa suntsitzeko, gehienek ez dakite alterazio hori dutenik eta gaitz kroniko batean bilakatu daitekeenik.
Orain beste zerbait darabilzu buruan? Beste proiekturen bat esku artean?
Ideia ugari bai, baina denak Glucovibes, elikadura eta osasunaren inguruan eta beraz, proiektu honi lotuta ikusten ditut gaur egun.