Zumarragako Udalak eta aldundiak bizikletak elektrifikatuko dituzte, 50 euroren truke
Eskaintza Mugi garraio txartela duten Goierri garaiko bizilagunentzako da
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Mugikortasun departamentuek eta Zumarragako Udalak egitasmo pilotua aurkeztu dute gaur geltoki intermodalean: Goierri garaiko bizilagunek beraien bizikletak elektriko bilakatu ahal izango dituzte Zumarragako Zatika dendan, 50 euroren truke. Baldintza bakarrak Goierri garaiko bizilaguna izatea eta Mugi garraio txartela edukitzea dira.
Ekitaldian, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak, Rafaela Romero Mugikortasun diputatuak, Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Zatika dendako Joseba Irizarrek parte hartu dute.
Helburua mugikortasun jasangarria sustatzea da. Mugikortasun departamentuak 34.000 euroko ekarpena egingo du eta udalak 15.000 eurokoa. Bere bizikleta elektrifikatu nahi duten Goierri garaiko bizilagunek Zumarragako Zatika dendara jo behar dute eta txanda eskatu. Bertan, motordun gurpila eta bateria jarriko diote bizikletari, 50 euroren truke.
Egitasmo honen osagarri, Ingurumen departamentuak bizikleta elektrikoen bateriak kargatzeko hiru puntu jarriko ditu Zumarragan.