Zaldibiako EH Bilduk osatu du maiatzerako hautagai zerrenda
Udalbatzako bederatzi zizeiluetarako hautagaiak eta hiru ordezko onartu dituzte Zaldibiako alderdikideek. Udalgintza eredua finkatzeko eta hauteskunde-programa osatzeko lanketak ere hasi dituzte.
Larunbateko lan saioan onartu zuten Zaldibiako EH Bilduk udal hauteskundeetara aurkeztuko duen zerrenda osoa. Aho batez eman zioten oniritzia bilerara eramandako hautagai zerrendari. Jakina zenez, Ioritz Berra izango da zerrendaburu, eta, horrenbestez, alkategai. Bigarren lekuan Eztitxu Mujika joango da, gaur egun Zaldibiako alkate dena. Hurrenkerea honetan jarraituko du zerrendak: Maider Castellano, Xabier Iraeta, Maialen Mendizabal, Katrin Lizarralde, Raquel Andres, Peio Olano eta Sergio Dosantos dira 9ko hautagaitza osatuko dutenak. Ordezkoak, Nerea Murua, Jon Gantzarain eta Josexo Matxain.
Batzarrean, hautagaitza-zerrendaz gain, beste bi arlo ere landu zituzten. Udalgintza ereduari buruzkoan, “azken urteetan eta hamarkadetan” Zaldibian egin den lana jarri zuten adibidetzat. Bide horretan sakontzeko antolaketa-eredu bat proposatu zuten, eta hurrengo asteetan eta hilabeteetan osatuko dute.
Azkenik, hauteskunde-programarako ekarpenak jasotzen ere hasi ziren, batzarrera joan zirenen artean. Hurrengo asteetan Zaldibiako norbanako eta eragileekin, harreman-dinamikekin osatuko dute programa.