Zaldibiako Tuermecako langileek sei greba-egun iragarri dituzte
Hitzarmenaren negoziaketan enpresaren "jarrera itxia" salatu du. Bihar izango dute lehenengo lanuztea.
Zaldibiako Tuermeca enpresako langileek grebara joko dute. Sei greba-egun iragarri dituzte, lehenbizikoa bihar, eta hurrengo asteetarako beste bost. Lan hitzarmena berritzeko negoziaketan, enpresa “jarrera itxia” ari dela izaten salatu dute langileek, eta mobilizazioen intentsitatea “progresiboki igoko” dute martxoan eta apirilean.
Oro har, lan baldintzak hobetzeko eskaerak egin dituzte langileek. KPIaren igoera bermatzea, gehigarrietan ere KPIaren igoera aplikatzea, kategorien errebisioa egitea eta bajak osagarritzea dira langileen aldarrikapenak, LAB sindikatuak gaur argitu duenez.
Lehenbiziko protesta agerraldia otsailaren 24an egin zuten Tuermecako langileek, lantegiaren atarian kontzentrazioa eginda. Orain, sei greba-egun iragarri dituzte. Lehenbiziko lanuztea bihar, asteazkena egingo dute, eta lantegi aurrean elkarretaratuta egongo dira langileak, 05:30etik 08:30era eta 11:30etik 14:30era. Ondoren, martxoaren 29a, 30a, eta apirilaren 3a, 4a eta 5a izendatu dituzte grebarako.