Goierriko gazteak, Topagunean
Ernai Goierrik Gazte Topagunera joateko deialdia egin du

Ostegunetik igandera, apirilaren 6tik 9ra, Ernai Gazte Antolakundeak Aberri Egunaren bueltan bi urtez behin antolatzen duen Gazte Topagunea izango da, Elorrion (Bizkaia). Ernai Goierrik bertara joateko deialdia egin die eskualdeko gazteei. Goierritarrok biziko dugu! lelopean, egitaraua osatu dute, Goierriko Ernaik Topagunean egingo dituen ekintzekin. Ostegunean, 09:30ean elkartuko dira elkarrekin Elorriora joateko. Iluntzean, 22:00etan, juntadizoa egingo dute Atara Zarata gunean. Ostiralean, 12:30ean, goierritarren argazkia aterako dute Indar Gunean, eta 16:00etan, Pasioa sobera daukagu Euskal Herria askatzeko hitzaldia egingo du Eraitz Saez de Egilaz beasaindarrak. 03:00etan, selfie koletiboa egingo dute.
Larunbatean jarraituko du festak. 13:30ean, goierritarren argazkia aterako dute plazan. 22:30ean, beste argazki bat egingo dute Atara Zarata gunean. Topaguneari amaiera emateko, 00:30ean, txupito kedada deitu dute Atara Zarata gunean.
Hitzaldiak, ikastaroak, kirol jarduerak edota kontzertuak izango dituzte hiru egunetan. Sua, Iheskide, Olaia Inziarte, Liher, Ezpalak, Amooma, Gatibu, Pinpilinpussies edota Merina Gris dira oholtzara igoko diren taldeetako batzuk.
EH Bilduk, berriz, Aberri Egunean Iruñean elkartzeko deia egin du. Goierriko herri nagusienetatik autobusak irtengo dira.