Haurugby XVII. txapelketan hamabi taldek parte hartuko dute
Infantil mailako haurren txapelketa larunbatean da, eta Euskal Herriko, Kataluniako, Frantziako eta Espainiako taldeak ariko dira nor baino nor. Bestalde, Ordizia Rugbyk garagardo azokan laguntzeko deia egin die herritarrei.

Larunbatean errugbia izango da protagonista Altamira zelaian. Ordizia Rugby Klubak antolatuta, XVII. Haurugby txapelketa jokatuko da, infantil mailako haurrentzat, 2009 eta 2010 artean jaiotakoentzat. Goizean, sailkatze faseak jokatuko dituzte, eta arratsaldean fase finala.
Hego zein Ipar Euskal Herriko, Frantziako, Kataluniako eta Espainiako 12 taldek parte hartuko dute: Ordiziak, La Unica-k (Iruñea), Angeluk (Lapurdi), Univ. Lleida-k (Katalunia), Kantabriako Selekzioak, Buc-ek (Bartzelona), El Salvador-ek (Valladolid), Section Paloise Rugby (Frantzia), U S Bardos-ek (Lapurdi), Univ. Bilbaok, Portes du Bearn-ek (Frantzia) eta Gipuzkoak.
08:30ean taldeei harrera egingo zaie, eta 10:00etan hasiko dira lehen faseko partidak. 12:45ean, atseden hartu eta mokadutxoa jango dute, eta 14:00etan berrekingo diote txapelketari. Bukatzerakoan, errugbian falta ezin den hirugarren zatia egingo dute, eta sariak banatuko dituzte. Iaz, El Salvador taldea izan zen irabazlea.
Boluntario bila garagardo azokarako
Ordizia Rugby Klubak antolatzen duen garagardo azoka ekainaren 29tik uztailaren 2ra izango da. Boluntario bezala lan egin nahi dutenek garagardoazokaordizia@gmail.com helbidera idatzi edo 608 563 626 zenbakira deitu dezakete, eguna zehaztuz.