Adur Ezenarrok hartu du zume uztaia
12:00etan izan da udalbatza eratzeko saioa Ordiziako udaletxean. Ordizia Orainek 2 boto zuri eman ditu, eta EH Bildu izan zenez zerrenda bozkatuena hauteskundeetan, Ezenarrok jarraituko du alkate izaten.
Adur Ezenarro Agirrek hartu du alkate kargua, gaur eguerdiko 12:00etan udaletxean egindako saio eratzailean. Ez da sorpresarik izan. EH Bilduk 7 zinegotzi lortu zituen maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan, EAJk beste 7, Ordizia Orainek 2 eta PSE-EEk bat. Gaurko bozkan, Adur Ezenarro EH Bilduren alkategaiak EH Bilduren 7 botoak jaso ditu, Joseba Aranburu EAJkoak 8 izan ditu, PSE-EEren eta EAJren akordioen arabera PSE-EEk berea eman baitio, eta Ordizia Orainek bi boto zuri eman ditu.
Hala, bozketan gehiengo osoa ez denez lortu, EH Bilduren hautagaiak izango du alkatetza, bozkatuena izan zelako hauteskunde egunean. EAJko Gregorio Iruretagoienaren eskutik jaso du zume uztaia Ezenarro alkateak.
Lehendabizi legegintzaldi berrian zinegotzi berriak izango direnei ongi etorria eman die. Gogoan izan ditu Bittor Bolinaga eta joan direnak, baita urte luzez Ordiziaren alde lanean ibili den Jesus Mari Lariz ere. Iñaki Dubreuil PSE-EEren zinegotzia izandakoari erretiroan atseden hartzea opa diola esan dio.
Ondoren, animaliaren eta zibilizazioaren arteko analogia baten bidez irudikatzen duen agintaldiaren berri eman du. Margaret Mead antropologoa hizpide hartuta, azaldu du “zaintza dela humanitatea ematen” duena. “Helburua ordiziarrak zaintzea da, bizi baldintza berdinak eta aukera berdintasuna izan dezaten, eta belaunaldi berriek aukera izan dezaten. Elkar zaintza eta aurrean dauzkagun erronkei aurre egiteko adostasuna behar dugu”.
Zume uztaia eskuan, adierazi du legegintzaldiak hura bezalakoxea nahiko lukeela izatea. “Hausteko zaila da, baina malgua ere badela, eta agintaldia ere espero genuke horrela izatea, eta uztaila bezala borobila izatea, irekia, feminista, zaintzailea, euskaltzalea eta gure kasuan errepublika zalea eta independentista. Borobila, ertzik gabe, kanpoan inor ez uzteko”. Presoak eta presoen senideak ere izan ditu gogoan. Bidelagun izan dituenei eta lan taldeari eskerrak emanez amaitu du.
Alkatearekin batera, udalbatza osatuko dute 2023-2027 legealdian EH Bilduko Maitane Alvarezek, Jon Ander Caballerok, Ainhoa Jimenezek, Itsaso Muñozek, Manex Berzosak eta Marta Ortegak, EAJko Joseba Aranburuk, Gregorio Iruretagoienak, Agurtzane Antoñanak, Leire Bidagurenek, Xabier Crespok, Arantxa Arocenak eta Carlos Castañok, Ordizia Oraineko Mila Sukiak eta Viviana Angelica Murillok, eta PSE-EEko Ana Maria Sanchezek.