San Pedro Jaietako herri bazkaria egin dute, ohi baino lehenago
140 bat lagun elkartu dira Santa Lutzi-Anduaga auzoan bazkaltzera. Gauean, Iratzar musika taldearen kontzertua izango da.
Ezkioko Santa Lutzi eta Anduaga auzoetako San Pedro jaiak ohi baino lehenago iritsi dira. Ekainaren 29an izaten da San Pedro eguna, eta horren bueltan ospatzen dituzte auzoko festak. Aurten, ordea, aurreratu egin dituzte, Tour-arengatik eta Zumarragako Santa Isabel festengatik. Gaur eguerdian herri bazkaria egin dute 140 bat lagunek.
Atzo arratsaldean txupinazoa bota zuten, eta jarraian herriko sagardogileen sagardo dastaketa izan zen. Mus txapelketa ere jokatu zen, eta gauean, erromeria izan zen Mugi Panderoa taldearekin.
Gaur toka izan dute helduek zein haurrek. Poteoa egin dute trikitilariekin batera, eta elkarrekin bazkaldu dute herritarrek Santa Lutzi-Anduaga auzoan. Bazkalondoren, bingoa izan da. Arratsaldean zirku tailerra egongo da, eta gauean, Iratzar musika taldeak kontzertua egingo du.
Ekainaren 29an, halere, San Pedro egunez, ohiko programazioari eutsiko diote.