Hasi dira Uztalai udaleku irekiak
Gaur goizean hasita, hilaren 21era arte luzatuko dira . Adin ezberdinetako 260 haur ari dira parte hartzen, 23 taldetan banatuta. San Ferminetako entzierroa, hilaren 10ean egingo dute.
Oporretan daude, baina ez egonean. Atzotik, Legazpiko 260 haurrek badute zer egin Uztalai udaleku irekiei esker. Aurten ere, uztaileko goizak giro onean eta euskaldunean, ekintza mordoa eginez eta begirale prestatuen zaintzapean eta gidaritzapean igarotzeko aukera eskaini die Legazpiko Udalak Haur Hezkuntza 3tik Lehen Hezkuntza 4ra bitarteko herriko txikiei.
Gaur hasi da Uztalai, eta herriko kaleak, plazak eta parkeak haurren algarez beteko dira berriz ere hilaren 21era arte. Domingo Agirrek Laubiden duen hexagonoa, Haztegi ikastolako eraikin nagusia eta patio handia, Azoka eta Euskal Herria plaza dira udaleku ireki hauetako elkargune nagusiak, ekitaldi asko eremu horietatik kanpo burutuko badira ere.
Astelehenetik ostiralera jardungo dute, 09:30etik 12:30era arte.
23 talde, 24 begirale
Haurrak 23 taldetan daude banatuta, adinaren arabera, eta horien zainketarako eta ekintzen gidaritzarako 24 begirale eta zuzendaria kontratatu ditu udalak. Guztien artean, datozen egunetarako egitaraua prestatu dute, ekainean zehar horretarako espreski elkartu eta gero.
Denetariko ekintzak dituzte aurreikusita, eta urteroko igeriketa saioak, herri kirol jardunak, jolasak, eskulanak, parkeetara irteerak eta gyncanak ez dira faltako, ezta San Ferminetako entzierroa ere.
Izan ere, aurten ere ospatuko da San Fermin Legazpin. Uztailaren entzierroa hurrengo astean egingo dute, hilaren 10ean, astelehena. Txikienak aste honetan bertan hasiko dira murgiltzen festa horretan, hainbat eskulan saio eginez.














