Carlos Pinto, moto lasterketen gailurrean bigarren urtez
Txikitako ametsa egi bihurtu eta afizionatuen mailan Espainiako moto lasterketetan ari da lehian pilotu legazpiarra. Iaz bezala, aurten ere emaitza onak lortzen ari da aurten. Lau proba geratzen zaizkio.

Legazpik goi mailako bi ordezkari ditu moto lasterketen munduan. Xabi Zurutuza junior mailan gailentzen ari den bezala, afizionatuen mailan Carlos Pinto ari da nabarmentzen. Biak daude murgilduta lasteketa denboraldian, eta biak ari dira emaitza bikainak lortzen.
Carlos Pinto (Legazpi, 1977) iaz itzuli zen zirkuituetara, mundu horretatik kanpo hainbat urte egin eta gero. Itzuleran, emaitza paregabeak lortu zituen bere Ducati Panigale V4 beltzarekin, Open 1.000 kategorian. Lehen postua lortu zuen Gaztela-Mantxako Motoziklismo Federazioak antolatutako txapelketan, eta bi hirugarren postu egin zituen CIV erkidego arteko abiadura txapelketan eta Open Easy Race txapelketan.
Denboraldi bikaina
Aurtengo denboraldian, motorra aldatu eta «emaitza hoberen bila» dabil lehian Pinto. Berriz ere Asturiasko Mieres Racing Team taldearekin lehiatzen ari da, eta hiru txapelketatan ari da parte hartzen: SBK1000 +40 Espainiako Kopan, Yamaha R1 Rookies Kopan eta Gaztela-Mantxako Motoziklismo Federazioak antolatutako txapelketan.
Apirilean hasi zuen denboraldia, eta azaroaren 11-12ko asteburuan amaituko du. Orain arte bi erronda egin ditu, eta denboraldiaren amaierara arte beste lau geratzen zaizkio. Asteburu honetan Aranda de Duerora (Espainia) joango da entrenatzera taldeko buruarekin teknika lantzera, eta hurrengo astean Nafarroako Los Arcosera joango da, lasterketara. Abuztuan du hurrengo hitzordua, Cartagenan, irailean Nafarroan, eta azaroan Cartagenan berriz ere.
Orain arteko emaitzak paregabeak izan dira, batez ere ekainaren 18an Kataluniako Montmelo zirkuituan bere kategoriako lehen postua eskuratu eta gero. Horren ondorioz, lehena doa Yamaha Kopan Rookies mailan eta zazpigarrena sailkapen orokorrean, Gaztela-Mantxakoan hirugarrena da, eta Espainiako +40 Kopan, bederatzigarrena.
Aurrera begira emaitzak gehiago hobetzeko asmoa du Pintok, «batez ere bi lasterketa etxean egingo ditugulako, Nafarroan. Cartagenako zirkuituan oso ondo ibili nintzen iaz, ez delako hain azkarra, teknikoagoa delako». Izan ere, teknika da Legazpiko pilotu honen abantaila: «Bihurgune motzetan, motorra mugitzean… Zirkuitu motzetan entrenatzen dut, konoekin asko ibiltzen naiz, balaztaketa asko lantzen dut…».
Moto berria
Moto berria erosi behar izan du denboraldi honetarako, iazkoa baino indar gutxiagokoa. Yamaha R1 bat da, gorria, 1.000 cc dituena (iazko Ducatik 1.100 cc zituen), eta 24 zenbakia daramana. «Oso ondo egokitu naiz, baina ez dugu oraindik erabat prestatuta, ez dugu denborarik izan. Fran da nire teknikaria eta haren laguntzarekin, poliki-poliki goaz, nire gorputzera hobekien egokitzen diren eserlekuak probatzen, deposituak aldatzen… Motorrari, berriz, denboraldia amaitutakoan helduko diogu».
Oso gustuko mundua da hau Pintorentzak, lanarekin uztartzeak sakrifizio handia eragiten badio ere. Baina «txikitako ametsa» betetzen ari dela dio.
Amets horretan jende asko izan du beti ondoan, bikotearekin eta familiarekin hasita, lagunekin jarraituta eta babesleekin amaituta. Azken horiei esker ona helarazi nahi die bereziki, maila honetako lehian ibiltzeko laguntza ekonomikoak ezinbestekoak dituelako. Dena ondo badoa, Legazpiko Udala ere laster sartuko da babesleen zerrendan.
Babesleak
Enpresak. Interzoo Zarautz, Construcciones Legazpi, Soraluze Hotela, Aitxuri jatetxea, Bertan Berri, Attiko, Mapamond, Urbegi Iturgintza, Langintza Legazpi, MTC Met-Meka, Goimat Materialak.Legazpiko Udala. Diru laguntza eskatu du, baina konfirmatu gabe dago oraindik.
Lasterketen egutegia
Uztailak 15-16ko asteburua: Nafarroako zirkuitua, Los Arcos, Nafarroa.
Irailak 2-3. Nafarroako zirkuitua. Los Arcos, Nafarroa.
Abuztuak 5-6. Cartagena zirkuitua, Murtzia, Espainia.
Azaroak 12-13. Cartagena zirkuitua, Murtzia, Espainia.