Eric Galvez alkatearekin batera, EAJko eta PSE-EEko zinegotziek osatuko dute Legazpiko Udaleko gobernu taldea
Legazpiko udalbatzak lehen osoko bilkura egin du gaur eguerdian, eta legealdi berrirako antolaketa finkatu du. Hiru batzorde sortu dituzte, eta dedikazio maila desberdinarekin lau zinegotzi liberatzea onartu dute.
Legealdi berriko lehen osoko bilkura egin du Legazpiko udalbatzak gaur eguerdian, eta datozen lau urteetarako antolaketa finkatu du. Batzordeen osaketa, udaletik kanpoko erakundeetarako ordezkarien izendapenak, zinegotzien liberazioak eta dedikazioak eta soldatak eta dietak izan dira bileraren gai zerrendako gainerako puntuak.
Udal gobernu taldearen osaketaren berri ere eman dute. Eric Galvez alkatea buru dela, gobernu talde berria EAJko beste lau zinegotziek eta PSE-EEko biek osatuta geratu da: EAJko Amaia Aizpurua, Miryam Galilea, Edurne Matias eta Josu Galilea, eta PSE-EEko Oscar Valbuena eta Jesus Santurde dira taldekideak. Aizpurua lehen alkate ordea izango da, Oscar Valbuena bigarren alkate ordea, Miryam Galilea hirugarren alkate ordea, eta Jesus Santurde laugarren alkate ordea.
Oposizioan, bestalde, EH Bilduko Edurne Gonzalez, Ibon Altzelai, Maria Sarasola, Jon Jauregi eta Igor Romaratezabala eta Legazpiko Berdeak taldeko Alberto Bezunartea daude. Bezunartea ez da bileran izan.
Amaia Aizpurua izango da EAJren bozeramalea, Oscar Valbuena sozialistena, Edurne Gonzalez EH Bildurena eta Alberto Bezunartea Berdeena.
Gaurko bilerak ez ohiko izaera izan du, baina aurrerantzean hilero egingo dira ohiko osoko bilkurak, hileko azken asteazkenetan, 19:00etan.
Batzordeen osaketa eta liberazioak
Bileren maiztasuna izan da gaur onartutako lehen puntua, eta ondoren, informazio batzordeen osaketarako proposamena aurkeztu eta onartu dute. Aurreko legealdian bezala, oraingoan ere hiru batzorde izango dira: Antolaketa, Lurraldea eta Herritarrak. Batzorde bakoitza arlo desberdinetan banatuta egongo da, eta arlo bakoitzerako arduradunak proposatu eta onartu dituzte.
Bestetik, Urola Garaiko Mankomunitaterako, Sasieta Mankomunitaterako, Gipuzkoako Ur Kontsortziorako, Haurreskolak Partzuergorako, Urola Garaiko Industrialderako, Zubillaga Hiltegirako, Lenbur Fundaziorako, Aizkorri-Aratz Parke Naturala Patronaturako eta Artzain Mundua sozietate publikorako udalaren ordezkariak zeintzuk izango diren ere proposatu dute, eta proposamena onartu dute.
Azkenik, udalbatza osatzen duten zinegotzien artean hainbat liberazio egitea onartu dute, eta alkateaz gain, udal gobernu taldeko Miryam Galileak eta Edurne Matiasek %75ko dedikazioarekin eta Jesus Santurdek %70eko dedikazioarekin jardungo dute legealdi honetan zehar lanean. Oposizioaren aldetik, Edurne Gonzalezek %75eko dedikazioa izango du bere lanerako.
BATZORDEEN OSAKETA
ANTOLAKETA:
– Batzordeburua: Amaia Aizpurua
– Barne-antolaketa: Amaia Aizpurua
– Langileak eta kontratazioa: Eric Galvez
– Ekonomia eta ogasuna: Amaia Aizpurua
– Herritarren arreta: Miryam Galilea
– Komunikazioa: Miryam GalileaLURRALDEA:
– Batzordeburua: Eric Galvez
– Hirigintza eta etxebizitza: Eric Galvez
– Obrak eta zerbitzuak: Eric Galvez
– Herritarren segurtasuna, babes zibila eta mugikortasuna: Eric Galvez
– Nekazaritza: Edurne Matias
– Garraioa: Oscar Valbuena
– Herriaren garapen iraunkorra eta trantsizio energetikoa: Oscar ValbuenaHERRITARRAK:
– Batzordeburua: Oscar Valbuena
– Gizartekintza, berdintasuna eta lankidetza: Jesus Santurde
– Kultura eta jaiak: Miryam Galilea
– Euskara eta Euskaltegia: Edurne Matias
– Kirolak: Josu Galilea
– Industria, merkataritza eta turismoa: Amaia Aizpurua
– Haurtzaroa, nerabezaroa, gazteria: Jesus Santurde
– Hezkuntza: Edurne Matias