«Kontzientzia lasai daukat ahal dudan guztia egin dudalako»
Astebete barru, uztailaren 21ean, Ordiziako Beti Alai pilotalekuan izango den boxeo jaialdian borrokatuko du Iñaki Arrue aramarrak. Dani Rekalo eta Xegone beasaindarrak ere ariko dira jaialdian.
Iñaki Arrue boxeolari aramarra, 2019ko argazkian.// Argazkia: Ariane Vierbücher Zer moduz zaude mentalki eta fisikoki borrokaldirako?
Fisikoki eta mentalki ondo, prestakuntza ondo joan da. Kontzientzia lasai daukat ahal dudan guztia egin dudalako. Halere, ring-aren gainean pultsazioak beste batzuk dira eta garrantzitsuena momentuko emozio horiek ondo kudeatzea izango da.
Etxean izatea berezia da?
Berezia da, ez dakit historikoki boxeoko gau honetan hiru goierritarrek noizbait borrokatu duten. Ohore bat da niretzat Ordizian borrokatzea eta ikuskizuna ematea. Halere, lasai nago ez daukadalako inori demostratzeko ezer.
Nolako borrokaldia aurreikusten duzu?
Edozer gauza gertatu daiteke. Bai nik eta baita Cristian aurkariak ere, pentsatzen dut badakigula garbi zertara jolastu beharra daukagun. Errespetua diot aurkariari eta ez da erraza izango, ez niretzat eta ezta beretzat ere.
Lagunak, familia, ezagunak gertu izango dituzu. Presioa nabari duzu?
Konbate bat baino lehenago beti dago presioa, nerbioak edo beldurra, ez dakit nola deitu. Garrantzitsuena da sentimendu horiek kontrolpean edukitzea eta norberak egin duen lan guztiaz fidatzea. Lagun eta senideengatik, esan bezala, ez dago ezer inori demostratzeko eta ni nire jokoa egitera aterako naiz.
Gainontzean, boxeoaz gozatzeko gaua izango da?
Erabat gozatzeko gaua izango da, Ordizia bezalako herri batean horrelako gau-jai mitiko batean, eta gainera, Ordiziako festei hasiera emateko.

Iñaki Arrue, ezkerrean, borrokaldi batean.













