Festetako boxeo jaialdiko borrokaldiak zehaztu ditu Boxing Ciclo Club-ak
Profesionaletan bi borrokaldi izango dira: batetik, aurrez aurre jarriko dira Kato Mendoza eta Gerson Larios, eta bestetik, Anouar El Ochchi eta Jairo Diaz. Boxeolari afizionatuen artean, Iñaki Arrue aramarrak parte hartuko du. Jaialdirako sarrerak Amonane tabernan daude salgai.
Ordizia Sutan boxeo jaialdia Ordizian, 2018an. Irudian, Zuhairi Tetef y Daniel Povedano.//Eusko Box Santa Ana festetako aurtengo boxeo jaialdiko kartela osatu eta itxi du Boxing Ciclo Club-ak, Gasteizko Euskobox gimnasioarekin. Uztailaren 21ean izango da Ordiziako jaialdia, ohi bezala, Beti Alai pilotalekuan. 1952ko uztailaren 24an izan zen jaialdiaren lehenengo edizioa, eta urte hartatik, urtero antolatu dute hutsik egin gabe, pandemiagatiko bi urteko etenaldian izan ezik.
22:30ean hasiko da. Aurtengo kartela profesionalen bi borrokaldik osatzen dute. Batetik, aurrez aurre borrokatuko dute Kato Mendozak eta Gerson Lariosek, eta bestetik, Anouar El Ochchi-k eta Jairo Diazek. Boxeo profesionalaren aurretik, afizionatu mailako sei borrokaldi izango dira, tartean K1 eta emakumeen boxeo borrokaldi bat. Boxeolari amateurren artean daude Iñaki Arrue aramarra eta Dani Rekalo eta Xegone (K1) beasaindarrak.
Sarrerak salgai daude Ordiziako Amonane Tabernan. Lehenengo hiru ilaretako sarrerak 35 euroan daude eskuragai, eta orokorrak 20 euroan. Jaialdiaren egunean bertan frontoian erosi ahal izango dira.
Elkartearekin lotuta
Santa Ana Jaietako boxeo gaua Boxing Ciclo Club sustatzailearen historiarekin lotuta dago. 1930eko hamarkadako boxeo mitoekin lotuta dago, zehazki, elkarteak azaldu duenez. Zaletasuna ordutik dator, eta “hazi eta sendotu” egin zen hurrengo hamarkadetan.
1950ean zale amorratuen talde batek Mariano Galarzari konbentzitu zion Boxing Ciclo Club elkartea sortzeko, garai hartan modan zeuden bi kirol uztartuta: boxeoa eta txirrindularitza. Zale amorratuen talde horretan zeuden, besteak beste, Pablo Gaona, Pedro Aierbe, Antonio Carrion, Luis eta Maximo Ibañez, Pedro Ormaetxea edota Paco Olano.
“Hasiera horrek jarraipena izan zuen hurrengo hamarkadetan, eta Ordizian Boxing-eko gimnasioak 70eko hamarkadaren hasierara arte iraun zuen”. Harrezkero, urtez urte festetan tokia du jaialdiak, eta boxeo zaleak biltzen ditu.













