Erreizabalgo Arantxa Segurola eta Juanjo Aranguren omenduko dituzte Artzain Egunean
Irailaren 3an ospatuko da Legazpin artzaintzari aitortza egiten dion festa. Gipuzkoako gazta lehiaketa eta artzain txakurren txapelketa jokatuko dira, besteak beste. Ameriketan artzain izandako bi anaia ere omenduko dituzte.
Irailaren 3an Legazpin ospatuko den Gipuzkoako Artzain Eguneko egitaraua prest dago, eta omenduen atalean Legazpiko bi artzainen izenak jasotzen dira, Erreizabalgo Arantxa Segurola eta Juanjo Arangurenenak. Artzaintzan jorratutako ibilbideari aitortza egingo diote 13:00etan plazako taulatuan egingo duten ekitaldi horretan. Ameriketan artzain ibilitako Joxe Mari eta Benjamin Altxu Almandoz ere omenduko dituzte.
Artzain Eguna Euskal Herria plazan ospatuko da goizez, 10:00etatik aurrera, eta ohiko ekitaldiz egongo da osatuta. Hala, gazta eta ardi okela prestatze lehiaketak izango dira, gazta eta sagardo dastaketa, hainbat erakustaldi eta artisauen erakusketekin batera. Arratsaldean, artzain txakurren lehiaketa egingo da, Urtatzan.