Adinekoen kontseiluak hainbat ekitaldi antolatu ditu Zumarragan
Zumarragako adinekoen kontseiluak hainbat ekitaldi antolatu ditu Adinekoen Nazioarteko Egunaren ingurumarian. Zumarragako Pertsona Nagusien Astea datorren astelehenean hasiko da eta urriaren 3an amaitu. Erakusketa, hitzaldiak, ikastaroak, ibilaldia eta antzerkia antolatu dituzte, besteak beste.
Astelehenean, 11:00etan, erakusketa irekiko dute azokan. Bertan, Mairi elkarteko emakumeek eta geriatrikoko egoiliarrek egindako eskulanak, egurrezko tailak, Andoni Ormazabalen argazkiak, Pottekoen zeramika lanak… ikusi ahal izango dira. Erakusketa astelehenetik ostegunera irekiko dute, goizez eta arratsaldez.
Astelehenean, erakusketaren inaugurazioaz gain, jolasak egongo dira. 16:30etik aurrera Zelai Arizti parkean partxisean, kartetan, tokan… jokatuko dute. 17:00etatik aurrera billarrean jokatuko dute, Gure Txoko elkartean. Adin guztietako bizilagunek elkarrekin jokatzea da helburua. Joko hauetan parte hartzeko, izena eman behar da: larunbatean, 11:00etatik aurrera, azokan.
Asteartean, 11:00etan, Xabi Mujika eta Ana Bellostak Nire osasuna zaintzen hitzaldia egingo dute kultur etxean. 19:00etan, Pequeños grandes amigos pelikula emango dute Zelai Arizti aretoan. Pelikula honetako protagonistak geriatriko bateko egoiliarrak eta ikastetxe bateko haurrak dira. Sarrera doan izango da.
Asteazkenean, 09:30etik 11:30era, Osakidetzaren osasun karpetari buruzko tailerra emango dute KZgunean (kultur etxean). Parte hartzaileek internet bidez txanda eskatzen, beraien historiala kontsultatzen… ikasiko dute. Parte hartu nahi dutenek Gizarte Zerbitzuetan izena eman behar dute. Horretaz gain, 11:00etan ibilaldi osasungarri dinamizatua egingo dute. Parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute: larunbatean, azokan. Datorren asteazkeneko hitzaldiekin bukatzeko, 17:30ean Enrique Alamillosek aurretiazko borondateei buruzko hitzaldia egingo du kultur etxean.
Ostegunean, 09:30etik 11:30era, Osakidetzaren osasun karpetari buruzko hitzaldiaren bigarren saioa egingo dute. Eta 17:30ean Jon Madina mediku zumarragarrak inkontinentziari buruzko hitzaldia egingo du kultur etxean.
Hilaren 29rako, ostirala, ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte. 10:00etatik 11:00etara, Gure Txoko elkarteko kideek pilates erakustaldia egingo dute Zelai Arizti parkean. 11:30ean, berriz, Olaia Aranak adimena gutxitzen doanean hartu beharreko erabakiei buruz hitz egingo du. Helburua bizi kalitateari eustea da. Hitzaldia kultur etxean izango da.
Hilaren 29ko ekitaldiekin bukatzeko, Irri Makila taldeko kideek bakarrizketak egingo dituzte Zelai Arizti aretoan.
Hilaren 30ean, 13:00etan, kantu poteoa egingo dute Goiargi abesbatzarekin. Jubilatuen elkartetik abiatuko dira. Urriaren 1ean Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna ospatuko dute. 12:00etan manifestua irakurriko dute, plazan. 19:00etan Gure Txokoko kideek dantza erakustaldia egingo dute.
Azken ekitaldia urriaren 3an izango da: Diego Bernadinik pertsona nagusia izateko modu berriei buruz hitz egingo du kultur etxean.
Ekitaldiak atzo aurkeztu zituzten kultur etxean. Aurkezpenean Arantxa Gonzalez zinegotziak eta adinekoen kontseiluko kideek parte hartu zuten. Gonzalezek adinekoen kontseilua udalak sustatu duela gogoratu zuen. «Helburua adinekoek bizitza publikoan parte hartzea da. Asko egin dezakete Zumarragaren alde. Urte eta erdi daramatzate lanean eta eskerrak eman nahi dizkiet».
Arantxa Corralesek adinekoen beraiekin zerikusia duten arlo guztietan parte hartu nahi dutela eta dagoeneko ekitaldi asko antolatu dituzte gogoratu zuen. «Bakardadearen, irisgarritasunaren, behar ditugun gizarte zerbitzuen… inguruan hausnartu nahi dugu. Adineko guztiak parte hartzera gonbidatu nahi ditugu».