Kulturismoa, afizio izatetik negozioa irekitzeraino
Borja Lizarragak Burdin Gym ireki berri du Legazpin. Kulturista da eta inguruan entrenatzeko toki aproposik ez zuenez, neurrira egindako gimnasioa jarri du martxan, gainerako herritarrei ere ateak irekiz.

Kulturismoaren munduan oso esanguratsua da ‘iron’ hitz ingelesa, eta horren euskarazko itzulpena erabili du Borja Lizarraga Gomezek (Legazpi, 1995) bere herrian Burdin Gym izeneko gimnasioa irekitzeko. Kale Nagusian dago kokatuta, eta giharrak lantzeko aparatuz beteta dago. Lehen bezeroak hasi dira iristen.
Lizarragak gaztetatik praktikatzen du kulturismoa, giharrak garatzeko eta kontrolatzeko helburua duen jarduera fisikoa. Baina Legazpin eta inguruan entrenatzeko toki aproposik ez zegoela iruditzen zitzaion, eta neurrira egindako gimnasioa muntatzea erabaki zuen, beste zaletu batzuei ere erabiltzeko aukera emanez. Horrela, afizioa negozio bihurtu zuen, eta hainbat hilabetetako prestaketa lanen ondoren, abuztuan jarri zuen martxan Burdin Gym.
Gimnasioa egunero dago zabalik, 08:00etatik 22:00etara, eta bazkideek sarrera-irteera autonomoa egiten dute, telefonorako aplikazio baten bidez, txandarik eskatu gabe. Barruan dauden aparatuen erabilera ere autonomoa da, nahiz eta hasieran Lizarraga beraren kontrolpean egongo diren, eta haren aholkuak eta jarraibideak jasoko dituzte.
Bi aretotan banatuta
Lizarragak azaldu duenez, bi gelatan dago banatuta Burdin Gym. Pisu libreko aretoa dago batetik, edo kolpekatze aretoa, halteren gunearekin. «Hemen, adibidez, diskoak barran jarri eta sentadillak egin daitezke, edo bularra landu, ipurdia ere bai…» zehaztu du. Beste aretoa makinena da, «jende adituagoarentzat, gihar zehatzagoak lantzeko». Makina multifuntzionalak dira,ariketa mota bat baino gehiago egiteko aukera ematen dutenak.
Bi aretoetan segurtasunari arreta berezia jarri dio Lizarragak, «gimnasioaren indargunea da». Alde horretatik, zorua ondo prestatuta dago, eta aparatu guztiek dituzte segurtasun sistemak, «zerbait eroriz gero, erabiltzailearen gainera erori ez dadin eta minik har ez dezan».
Aldatzeko gune bat ere badu gimnasioak, eta dibertsitate funtzionalari egokitutako komuna ere bai. Aurrerago dutxak ere jarriko ditu.
Izan ere, gimnasioa irekita badago ere, ez dago oraindik erabat osatuta, «makina batzuk falta dira… eta barrukoarekin amaitzen dudanean, kanpokoari helduko diot. Errotulo bat jarriko dut, eta irekiera ofiziala ere egingo dut». Orain arte nahiko «isilpean» gorde du gimnasioaren kontua Lizarragak, eta gertukoek bakarrik izan dute irekieraren berri. «Misterio kutsu horrek funtzionatu du», lortu dituelako lehen bezeroak, «banan bana joan naiz ezagutzen dudan jendearengana gimnasio bat ireki behar dudala esatera, eta nolakoa izango den azaltzera. Mundu hau gustatzen zaion jende ezagunarengana jo dut hasieran, baina proiektua osatzen dudanean eta funtzionamendua ere zehazten dudanean, deialdi irekiagoa egingo dut». Bitartean, 604 961 080 telefono zenbakira deitu daiteke informazioa eskatzeko.
Funtzionamenduari dagokionez, bezeroek makinen erabileran «nolabaiteko exklusibitatea izatea» nahiko lukeela dio Lizarragak, «beste gimnasio batzuetan gertatzen den bezala jende gehiegi ez egoteko, eta makina bat edo bestea erabiltzeko zain egon behar ez izateko».
Kulturistentzat ere bai
Bere gustura antolatu du Burdin Gym gimnasioa Lizarragak, «kulturismoan lehiatzen direnentzat ere balio duena». Bera ere badabil mundu horretan, eta ondo daki zer behar duen. «Inguru honetan badaude gimnasio gehiago, baino ez dute eskaintzen nik eskaintzen dudana, hau espezializatuagoa da, eta material profesionala dut».
Baina gimnasio hau pertsona guztientzat da, ez bakarrik kulturistentzat, «haurrentzat eta pertsona nagusientzat ere egokia da, bakoitzak bere neurrira erabilita. Hemen indarreko entrenamendua egiten da, giharrak indartzeko eta gihar masa handitzeko. Gihar indartsuek osasunean eragin oso positiboa dute».
Gaztetako zaletasuna
Lizarraga kulturista da, eta hainbat txapelketatan parte hartu du. 2018an, Euskadi mailakoan hirugarren postua eskuratu zuen Bodyline fitness kategorian, Errioxako estatu mailakoan laugarrena izan zen Men’s physique kategorian, seigarrena Bizkaikoan Bodyline fitness-en eta bosgarrena Federazio Kopan eta Euskadi, Nafarroa eta Kantabriako promesa txapelketan.
Gaztetatik datorkion zaletasuna da. «Gaur egun ez da oso zuzena hau esatea agian, baina txikia nintzenean gizon batek indartsua izan behar zuela uste nuen, Gladiator pelikulakoak bezalakoa». Eta profil horretako gizona izateko bidean, kiroldegiko gimnasiora joaten hasi zen 13 urterekin, eta etxean flexioak eta abdominalak egiten. Kirol asko ere egiten zuen, futbola, mendiko bizikleta, korrika, arrantza… Unibertsitatera geologia ikastera joan zenean ere gimnasiora joaten hasi zen, eta han hasi zituen benetako entrenamenduak, konpetitzeko asmoarekin, baina gaixotasun batek aste batzuk utzi zuen etxean, eta errekuperazioa amaitutakoan ekin ahal izan zion konpetizioari azkenean, 2018an lehen aipatutako emaitzak lortuz. «Gogor entrenatu nuen hura lortzeko».
2020an lesionatu egin zen, eta orain arte geldirik egon da, baina «dena ondo badoa, datorren urtean berriz ere hasiko naiz lehiatzen».
Ondorengo irudietan, Borja Lizarraga ikus daiteke, 2018an, hainbat txapelketatan parte hartzen.