Lehenengo 'Jotake Lazkaun' eguna, arrakastatsua
Lehenengo aldiz antolatu dute 'Jotake Lazkaun' eguna. Egun osoko egitaraua prestatu dute, eta tartean herri kirol erakustaldia eta erromeria izango dituzte.
‘Jotake Lazkaun’ egitasmoa arrakastatsua izan da gaurkoan. Lehenengo aldiz osatu dute egitaraua, eta jendetza inguratu da goizean plazara. Egun osoko egitaraua antolatu dute gaurko, eta eguerdi parean herri kirolak egin dituzte.
Goizeko bederatzietan hasi dute eguna, herriko hiru dultzainerorekin; lehenengo eguna zuten hauek. Gero, hamarretan, Jotakeko joaldunen saioa egin dute.
Eguerdiko hamabiak bueltan hasi da jende ugari erakarri duen ekitaldia: herri kirol erakustaldia. Lehiakortasunik gabeko ikuskizuna izan da gaurkoa, eta hamasei taldek hartu dute parte: Manueleneko harrikok, Lurra, Lehoiak, Zakutok, Sua, Trapuzarrak, Chirindo united, Neska gaztek, Ura, Txerri kirolarik, Ingodeu, EH Bildu, Haizea, Beti aurrera, Beti gazte eta Txaparrok. Guztira, 80 kirolarik hartu dute parte.
Jarraian, frontoian, herri bazkaria egin dute, eta aldez aurretik erosi behar zen kamiseta jantzita joan behar zuten bertara. Arratsaldean, bestalde, lasto altxaketa egiteko aukera izango du nahi duenak. Iluntzeko zazpiak aldera taloak egingo dituzte, eta sagardo dastaketa ere izango da. Gaueko bederatzietan izango da azken ekitaldia: Trikidantz taldearen erromeria.