"Publikotasuna, aniztasuna, inklusioa eta euskara" aldarri Euskal Eskola Publikoaren 31. Jaian, Ordizian
Gaur aurkeztu dute Eneko Lasa Urdaneta eskolako gurasoak eta Lurdes Imaz EHIGE-ko koordinatzaileak ekainaren 2an Ordizian egingo den ospakizuna, Donostian. 'Publikoa ai do!' izango da leloa, Eukene Lekuona ordiziar diseinatzaileak ondutakoa.
“Publikotasuna, inklusioa eta aniztasuna, eta euskara” izango ditu ardatz Ordizian 2024ko ekainaren 2an egingo den Euskal Eskola Publikoaren 31. Jaiak, Urdaneta-Oianguren ikastetxeetako gurasoek antolatuta. Aldarri horiek landuko dituzte ikasturtean zehar nahiz egunean bertan egingo dituzten ekintzetan. Gaur aurkeztu dute eguna, Donostian, Eneko Lasa Urdaneta eskolako gurasoak eta Lurdes Imaz EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko koordinatzaileak.
1994. urtetik antolatzen da Euskal Eskola Publikoaren Jaia ekaineko aurreneko igandean, hezkuntza komunitate publikoko kideen topagune izateaz gain, Euskal Eskola Publikoaren ezaugarriak gizarteratzeko helburuarekin, eskola publikoa hezkuntza sistemaren ardatza izan dadin bultzatzeko. Urdaneta-Oianguren Ordiziako ikastetxe publikoek Mungialdeko (30. Jaia bertan izan zen) ikastetxeen lekukoa hartu dute.
10.000 biztanletik gorako Euskal Herriko migrazio tasarik altuena duen herria da Ordizia. Horri lotuta, Ordiziako ikastetxe publikoetako ikasleen jatorriaren eta egoera sozioekonomikoaren inguruko errealitatearen berri eman du aurrena Eneko Lasak: “0-16 adin tartekoen ia laurdenak jatorria atzerrian dauka, eta Haur Hezkuntzan datu hori %37ra pasatzen da. 0-2 adin tartean ia 2 ikasletatik batek jatorria atzerrian dauka. Ikasleen tutoreen euskara ezagutza %59koa da Ordizian, eta egoera sozioekonomikoa kontuan hartuta, behar sozial bereziak dituzten familien ia guztiak eskola publikoan daude”. Datuak azalduta, gehitu du Ordiziako ikastetxeen artean “desoreka larria” dagoela, eta hori dela Jaia Ordizian ospatzeko arrazoietako bat.
Ordiziako eskola komunitateak “borroka eredugarria” egin du eta egiten ari da “desorekak bideratzeko eta aniztasuna, elkarbizitza, inklusioa, ekitatea eta euskalduntzea modu egokian eman daitezen”, Lasaren hitzetan. Eusko Jaurlaritza, udala, alderdi politikoak eta kultur eragile eta eragile sozialak interpelatu dituzte, eta ekainaren 2an ere “Ordizian ez ezik Euskal Herrian orokortu den” errealitate hori erakutsi eta “egoera bideratzearen aldeko lanketa” egingo dute.
Eskola publikoak “orokorrean” eta Ordiziako ikastetxeak “bereziki” bide horretan duen “garrantzia lehen planoan jartzeko jaia” izango da Euskal Eskola Publikoaren 31. Jaia.
‘Publikoa aI do!’
Eukene Lekuona ordiziar diseinatzaileak egin ditu irudia eta leloa biltzen dituen jaiaren logoa. Leloa Publikoa aI do! izango da, goierritarren hizkerari erreferentzia eginez. Eskola publikoa “bere balio eta indarguneak zabaltzeko ahaleginean” ari dela adierazi nahi dute leloaren bidez. Era berean, ingelesezko I do aditzari egin diote erreferentzia: “Hau da, publikoa nik egiten dut, guk egiten dugu, guztion artean egiten dugu”, azaldu du Lasak.
Ordiziako errealitatea kontuan izanik, desorekak “modu positiboan landu eta gainditzeko funtsezko tresnatzat” jo dute eskola publikoa, “ikasle eta familien jatorri, egoera sozioekonomiko, genero, pentsaera, sinesmen eta gaitasun ezberdinak onartzen” dituena eta “familien euskalduntzea bultzatzen” duena. “Horrekin elkar aberasten gara”. Irudiaren tanta eta hosto ezberdinen bidez, aniztasun hori islatu nahi dute, eta baita aukera ezberdinak dituzten ikasleen loratzea ere.
Hiru ardatz nagusi
“Familia, ikasle eta irakasleen parte-hartze eta elkarlanean oinarritzen da, langile publikoez osatuta. Eskola eta hezkuntza boterearen eta kontrol ideologiko ahaleginetik askatzeko, eta hezkuntza integral eta kritiko bat garatzeko funtsezko tresna da eskola publikoa”, aldarrikatu du Urdaneta eskolako gurasoak. Aurkezpena amaitzeko, Lurdes Imazek hartu du hitza, Euskal Eskola Publikoaren 31. Jaiak hiru ardatz nagusi izango dituela azpimarratzeko: “Publikotasuna, aniztasuna eta inklusioa, eta euskara. Gure helburua da Euskal Eskola Publiko indartsu, prestigiodun eta erakargarria eraikitzea euskal familia guztientzat, maila sozioekonomikoa edozein dela ere, euskal gizarte justu eta kohesionatua lortzeko”.