Goierrin biztanleriak sabai historikoa jo du 2023an, 70.495 lagunekin
Beherakada iraulita, atzera 70.000eko langa igaro du eskualdeak .2022tik %0,76ko igo da, 534 bizilagun gehiago. Sei udalerrik galdu dute biztanleria, tartean hiru txikienek.
Goierriko eskualdeak inoizko biztanleria handiena du. Azkeneko biztanle-errolda zenbaketa ofizialaren arabera, 70.495 bizilagun bizi dira eskualdeko 22 herrietan. Espainiako INE estatistika institutuak abenduaren 26an argitaratu zituen 2023ko errolda datuak, urte hartako urtarrilaren 1eko datarekin.
2022an 69.961 lagun zenbatu ondoren, berriro ere 70.000ko langa gainditu du eskualdeak. 2020an eta 2021ean ibili zen kopuru horren gainetik, baina maximo historikoa orain harrapatu da. 534 bizilagun irabazi zituen Goierrik 2022tik 2023ra, %0,76ko hazkundea. 22 udalerri daudenez, batez beste herriko 3.204 bizilagun ateratzen da (2022an 3.180).
Joera orokorra goranzkoa eta apala izan bada ere, sei udalerrik biztanleria galdu dute. Kurioski, lehendik biztanleria baxuena zuten eskualdeko hiru udalerri txikienak –gutxien populatuak– daude multzo horretan. Portzentualki galera handiena Gaintzak izan du (-%3,12), eta ondoren Altzagak (-%2,81) eta Aramak (-%1,56). Ezkio-Itsaso, Ormaiztegi eta Segura dira beherakada izan duten besteak.
Igoera handiena Zaldibian
Biztanleria irabazi, berriz, Goierriko hamasei herrik irabazi zuten 2023an. Portzentualki gehien Zaldibiak irabazi du (%3,71), jarraian Legorretak (+%2,23), Ordiziak (+%2,08), Ataunek (+%2,05) eta Itsasondok (+%2,02).
Kopuruari dagokionez, Ordiziak 217 bizilagun gehiago ditu. Eskualde guztiko hazkuntzaren %40 dagokio, eta haziera handieneko udalerri gehienak ere Ordiziaren eragin-eremukoak dira: Zaldibia, Itsasondo eta Legorreta.
Biztanle gehien, hirigunean
Azken urteetako joerari eutsiz, Goierriko biztanleriaren hiritartze fenomenoa berretsi du azken erroldak. Eskualdeko sei herri handienetan bizi dira goierritarren 10etik ia zortzi. Beasain, Lazkao, Legazpi, Ordizia, Urretxu eta Zumarragaren artean 55.385 bizilagun dituzte, Goierriko biztanleen %78,56. 2022tik bere horretan mantendu da portzentaia: 2022an 54.974 bizilagun zituzten (%78,57).
Sei herri handienek irabazi dute biztanleria. Beasain 14.000ra inguratzen ari da, Ordizia 11.000ra, eta Lazkaok lehen aldiz 6.000ko muga pasatu du.
Goierri garaiaren eta behearen artean diferentzia nabarmenak daude, ordea, hazkuntzan. Goierri Garaiko hiru herrietan 60 biztanle irabazi dira soilik. Beherakada geratu dute, hala ere.
Legazpi, Urretxu eta Zumarraga artean 24.761 bizilagun daude (Goierriren %35).
Goierri Beheko hiru handienek, aldiz, 361 biztanle gehiago batu dituzte. Batez ere Ordiziak egin du ekarpen handiena igoera horretan (igoeraren %60 han).
Beasain, Lazkao eta Ordiziaren artean 30.624 bizilagun dituzte (Goierriren %43,4).
Azken 25 urteetako bilakaera ikusita, Goierrik XXI. mendean 5.291 bizilagun irabazi ditu. 2001ean minimora jaitsi zen, 65.204 biztanlerekin; eta 2023an maximora iritsi da, 70.495 biztanlerekin. 2001-2023 epeko hazkundea %8,11koa izan da.