Magia eta ilusio zaku bete datoz
Meltxor, Gaspar eta Baltasar errege magoak gaur goizean iritsiko dira Ekialdetik Goierrira. Eskualdeko bederatzi herritan egingo dituzte kalejirak eta harrerak
Goierrira bidean dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar Ekialdeko lurraldeetatik datozen hiru Errege Magoak. Eguberrietako jaiei amaiera emango diete, Goierriko bazter guztiak euren magiarekin bustiz, gaur eta bihar. Goierriko bederatzi herritan egingo dituzte ongi etorriak eta kalejirak: Beasainen, Idiazabalen, Lazkaon, Legazpin, Olaberrian, Ordizian, Ormaiztegin, Zegaman eta Zumarragan. Erregeei gutunik idatzi ez dietenek, gaur dute azken aukera.
Beasain
Ohitura zaharrari eutsiz, 1958az geroztik egiten delako, aurtengoan ere hiru Errege Magoak
Beasainen izango dira Atxipi Aisialdi Taldearen laguntzarekin. Ongi etorri beroa egingo zaie, goizetik hasi eta iluntzera bitartean.
Lehenik eta behin, Arangoiti adineko pertsonen egoitzara bisita egingo dute, bertako egoiliarrei opariak banatzeko. 10:30ean izango da hori. Ondoren, 12:00etan, haurren gutunak bilduko dituzte Loinazko San Martin Plazan.
Arratsaldean, 18:15ean, Igartzako jauregitik abiatuta, herriko kaleak zeharkatuko dituzte, laguntzaileekin batera, magiaz beteriko kalejira batean. Herriko eragileek lagunduko diete ibilbidean; Atxipi, Bakuntza taldeak, Goizeresi Txistulariak, Loinatz Musika eskolako Trikitilariak eta Panderojoleak, Musika Banda, Koskola Txaranga, Kantujira, Irratizaleen Elkartea, Asmube eta Nagusilan. Segizioan, 180 antortxeroz inguratuta zeharkatuko dituzte kaleak.
Eta 19:15ean, ongi etorri ekitaldia egingo diete Loinazko San Martin Plazan.
Idiazabal
Guraso Elkartetik abiatuko dira hiru erregeak, 18:00etan, eta herriko kaleak zeharkatuz plazara joango dira, herriko haurrak protagonista izango dituen jaiotza ingurura. Amaieran, kioskoan gerturatzen direnei goxokiak eta opariak emango dizkiete.
Lazkao
Lazkaoko adineko pertsonek ere jasoko dute Errege Magoen bisita. Txindoki egoitza bisitatuko dute, 11:00etan, arratsaldeko lanekin hasi aurretik.
Eguzkia ezkutatzean, herriko kaleak zeharkatuko dituzte, herritarrak agurtu eta goxokiak banatzen dituzten bitartean. Musikarien eta dantzarien laguntza izango dute. Kalejira, 18:30ean abiatuko da Zubizkitzatik eta Zelaian egingo zaie harrera. Bertan, herriko gaztetxoek agurra dantzatuko diete. Meltxor, Gaspar eta Baltasarrengana gerturatzeko aukera izango da amaieran, norbere desioak eskatzeko.
Legazpi
Bikuña kiroldegiaren paretik, zaldien gainean iritsiko dira Legazpira hiru Errege Magoak. Segizioak bi geldiune egingo ditu ibilbidean zehar, lehena Laubide kalean, eta bigarrena Euskal Herria plazan. Bidean karameluak eta opariak banatuko dituzte. Opariak, kiroldegira eraman beharko dira 16:00etatik 17:30etara.
Euskal Herria plazan amaituko da. Jaiotza egongo da jarrita han, udaletxeko arkupean, eta erregeek ohiko eskaintza egin eta gero, udaletxeko balkoira igoko dira.
Bitartean, Korosti dantza taldekoen dantzak izango dira. Hain zuzen ere, haien laguntzarekin antolatzen da kalejira. Plazako harreran, Santikutz Abesbatzak ere parte hartuko du. Aipatu ere, kalejiran, Legazpi Musika Bandaren doinuek alaituko dutela bidea.
Olaberria
Errekaldetik hasita, herria alderik alde zeharkatuko dute Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeek, udaletxean harrera egingo zaie, eta Ihurren amaituko dute desfilea, ohiko opari banaketarekin. Opari bilketa Ihurreko jubilatuen elkartean egingo dute, 12:00-13:30 eta 16:00-17:30 (haur bakoitzeko opari bakarra onartuko da). Erregeen segizioan zuzi eramaile modura irteteko, 681 175 113ra Whatsappa idatzi behar da.
Ordizia
Goierriko desfile zaharrena da Ordiziakoa: 1942an antolatu zuten lehenengoz. Hala ere, 77 urtean ez du xarmarik galdu. Parrokiko katekesiak antolatzen du.
Buztuntza auzoan hasiko dute hiru erregeek ibilbidea, 18:30ean hasita, eta Plaza Nagusian amaituko da.
Ormaiztegi
Mendizabal auzotik iritsiko dira Ormaiztegira ekialdeko hiru Errege Magoak, beraien laguntzaileez inguratuta, 18:30ak inguruan, eguna iluntzearekin batera. Herriko kaleak zeharkatu ondoren, plazan egingo zaie harrera.
Zegama
1997 urteaz geroztik Tobera musika eskolaren ardura izan da desfilea antolatzea.
Eguzkiaren argia ezkutatzean, 19:00ak inguruan, Maxkarra mendi inguruan ikusi ahalko dira hiru Errege Magoen segizioaren argiak, herritik gertu direla iragarriko duena. Herrigunera hurbildu, bertako kaleak zeharkatuko dituzte goxokiak banatzen, eta herriko plazara gerturatuko dira. Elizan amaituko dute ibilbidea.
Zumarraga
Urtero jende mordoa biltzen da kaleetan, ekialdeko hiru Errege Magoak agurtzera, eta ziur
aurten ere hala izango dela. Ohiko moduan, laguntzaile talde zabala izango dute eta goxoki
mordoa banatuko dituzte ibilbidean zehar.
19:00etan Antiotik jaitsiko dira eta lehenik 19:30ean Mertzedariatan geldialdia egingo dute. Jarraian, Herodesen jauregira joango dira (Zelai Arizti pilotalekua). Legazpi kalea zeharkatu ondoren, Euskadi plazara iritsiko dira eta udaletxeko arkupeetan, Jesus haurtxoa gurtuko dute hiru Errege Magoek.