Herri Antolamendurako Plan Orokorraren aurrerapena onartu du Legazpiko Udalak
Udalaren webgunean dago ikusgai. Parte hartze prozesu bat jarriko du orain martxan, dokumentua azaltzeko eta herritarren iradokizunak jasotzeko. Lehen bilerak, otsailaren 7tik aurrera egingo dira.
Legazpiko HAPO Herri Antolamendurako Plan Orokor berriaren aurrerapena onartu du udalak, astelehenean egindako Gobernu Batzordean. Dokumentua ikusgai dago www.legazpi.eus webgunean, eta udalak parte hartze prozesu bat jarriko du martxan otsailaren 7tik aurrera, bertan jasotzen diren irizpideak herritarrei azaltzeko, eta herritarren kezkak eta iradokizunak jasotzeko.
«Etorkizuneko Legazpi diseinatzeko orduan herritarron parte hartzea nahitaezkoa» dela uste du udalak, eta horregatik antolatu du parte hartze prozesu hori, «legazpiarron beharrak, gurariak, interesak eta kezkak» identifikatu ahal izateko.
2008ko dokumentuaren berrikuspena
Legazpiko lurraldea antolatzen duen HAPO 2008koa da, eta ordukoak dira udalerriko hiri lurzoruan, landa lurzoruan eta hiri lurra ez den lurzoruan aplikatzen diren arauak. Horiek berrikusteko premia ikusita, 2020an lanean hasi zen udala, eta orain plan berriaren aurrerapena onartu eta aurkeztuko du. Dokumentu horrek «etorkizuneko Legazpi diseinatzeko erabiliko diren oinarriak» zehaztuko ditu, eta aurrerapen honetan planaren idazketan erabiliko diren irizpideak, helburuak, alternatibak eta antolamendu proposamen orokorrak bildu dira.
Legazpi «herri iraunkor, irisgarri, osasuntsu, kohesionatu eta bizia» izatea da helburua, eta hori lortzeko hainbat proposamen jasotzen ditu planak. Horien artean, Zaldu inguruan herrirako sarbide berria eta parke handi bat egitea, Azpikoetxe eremua berreskuratzea eta Goenaga inguruan hiri lurzoruaren muga era egokian tratatzea jasota daude.
Aurrerapena osatzeko, garrantzia handia eman zaie ingurumeneko irizpideei, eta horiek Hasierako Dokumentu Estrategikoan daude bilduta. Hori ere udalaren webgunean dago.