Legazpiko binakako pilota txapelketa herrikoirako izen-ematea ireki dute
Otsailaren 4an amaituko da epea, eta txapelketa otsailaren 16an hasiko da. Finala maiatzaren 4an jokatuko da, Santikutz jaietan.
Martxan da Legazpiko binakako pilota txapelketa herrikoiaren 17. edizioa. Legazpiko Gazteak kirol klubak ireki du dagoneko izen-ematea. Otsailaren 4ra arteko epea dago izena emateko, eta txapelketa otsailaren 16an hasiko da. Ohi bezala, Santikutz jaietan jokatuko da finala, aurten maiatzaren 4an.
Txapelketan parte hartzeko gutxienez 16 urte izan beharko dira, hau da, 2008an edo aurreko urteetan jaiotakoak. Gainera, partaideak Legazpin jaioak, hazitakoak edo bertan bizi direnak izan beharko dira. Bikoteko 20 euro ordaindu beharko dute, eta hauek dira izenak emateko tokiak: Gaztetxea eta Karibe Zaharra, Karibe Berria, Giroa, Maiatza, Kukue eta Urbeltz tabernak.
Izena emateko epea amaitu eta egun gutxitara, otsailaren 6an, bilera egingo dute antolatzaileek Kultur Etxean 18:00etan, bikoteen zozketa egiteko eta txapelketari buruzko informazioa zabaltzeko. Txapelketa ligaxka eran jokatuko da.
Sari ugari
Legazpiko txapelketa herrikoi hau irabazten duen bikoteak txapelak, garaikurrak eta opariak jasoko ditu. Bigarren sailkatzen direnentzat garaikurrak eta bertako produktuez osatutako saskiak egongo dira, eta hirugarren eta laugarren bikoteek garaikurrak jasoko dituzte.
Iazko txapelketa Koldo Aranak eta Ander Perezek osatutako bikoteak irabazi zuen, eta txapeldunordeak Aitor Agreda eta Markel Arrizabalaga izan ziren.