Legazpiko Latxartegiko zinema saioetan litxarreriak jatea baimendu dute
Pandemia garaitik debekatuta egon da. Asteburuan lau zinema saio egongo dira.
Pandemia garaian ezarritako debekua altxatu du Legazpiko Udalak, eta aurrerantzean berriz ere goxokiak eta litxarreriak jan ahal izango dira Latxartegiko zinema saioetan. Herritarrek egindako eskaeraren ondoren erabaki dute berriz ere baimena ematea.
Hala ere, ikusleei arduratsu eta zintzo jokatzeko eskatu die, debekua ezarri aurretik garbitasun arazo handiak zeudelako. Zinema oso zikin uzten zuten amaieran, batez ere haurren emanaldietan. Paperak eta poltsak botatzeko kanpoan zakarrontziak daudela gogoratu du
Asteburuko kartelera.
Asteburu honetan bertan altxatuko da debekua. Lau saio egongo dira guztira: Un verano con Fifi, gaur zine klubean, 19:00etan; Los que se quedan, bihar eta asteleheneko ikusleen egunean 19:00etan, eta igandean 19:30ean; eta Migration. Bidaia hankaz gora igandean, 17:00etako haurren saioan.