Herran eta Benedí nagusi Idiazabalgo Herri Krosean
Urko Herran eta Sara Benedí izan dira nagusi Idiazabalgo Herri Krosean. Herria jendez lepo, giro bikaina eta eguraldia lagun dutela ospatu dute 43.edizio jendetsu hau.
Aurten ere San Blas jaien bueltan Idiazabaldarrek krosa antolatu dute. Aurtengoa 43.edizioa izan da eta herria lepo bete da krosaren aitzakiapean. 714 izan dira gaur goizean Idiazabalgo Herri Krosean, horietatik 222 emakumeak. Herritarrei dagokienean, 45 izan dira guarkoan parte hartu duten idiazabaldarrak eta kadeteen mailan, berriz, 13 parte-hartzaile izan dira.
Goizean, lehendabizi haurren txanda izan da, benjaminena, alebinena eta infantilena, hain zuzen ere. Ondoren, goizeko 12etan eman diote hasiera helduen lasterketari. Kadeteek ere bertan hartu dute parte; baita beteranoek ere. Kadeteen kasuan, 3,525km egin behar izan dituzte, helduen lasterketaren lehen bira izanik hau. Gainontzekoek, 10,245km-ko itzulia egin dute. Ibilbidea osatzen lehenengoa Urko Herran gasteiztarra izan da, 31minutu eta 46segunduko denborarekin. Bigarrena ere berehala iritsi da: Aitor Mimenza, azpeitiarra; 15 segundura. Hirugarrenarekin tarte handiagoa izan dute lehenengo biek, izan ere, Herran baino 1minutu eta 13segundu beranduago heldu da Joseba Olaetxea tolosarra. Emakumezkoen kasuan, berriz, Sara Benedí zaragozarra izan da garailea eta atzetik Maria Ordoñez iruindarra eta Naroa Sagarna ormaiztegiarra izan ditu, hiru eta bost segunduko desberdintasunarekin, hurrenez hurren.
Herritarrei dagokienean, Xabier Sanchez eta Amaia Insausti izan dira lehenak; eta kadeteetan, berriz, Hodei Fernandez eta Ane Iparragirre.
Sailkapena
- Emakumezkoak:
-
- Sara Benedí Manrique
- Maria Ordoñez Marina
- Naroa Sagarna Sagarna
- Gizonezkoak:
-
- Urko Herran Aguilar
- Aitor Mimenza Castillo
- Joseba Olaetxea Amenabar
- Herritarrak: Xabier Sanchez Elorza eta Amaia Insausti Izagirre
- Kadeteak: Hodei Fernandez Fajardo eta Ane Iparragirre Aiestaran