Garaipenarekin amaitu du liga erregularra Ampo Ordiziak
Liga erregularra azken aurreko postuan amaitu du Ampo Ordiziak. Beheko multzoko taldeen arteko ligaxka jokatuko du otsailaren 24tik aurrera, mailari eusteko.
Ampo Ordiziak garaipena lortu du Ohorezko Mailako liga erregularreko azken partidan. Larunbatean, 17-22 irabazi zion Barça Rugby taldeari, Bartzelonan. Hala, hiru partida irabazi ditu lehen zati horretan Ampo Ordiziak, eta zazpi galdu. Liga erregularra amaitu den arren, partida bat geratzen zaie jokatzeko, abenduan jokatzekoa zuten Santboianaren aurkako partida bertan behera geratu zelako. Otsailaren 4an jokatuko dute, Altamiran.
Hori irabazita ere, beheko multzoan sartu da jada Ampo Ordizia. Hamaika jardunaldiren ondoren, goiko multzoan sartu dira Recoletas Burgos, VRAC Quesos Entrepinares, Real Ciencias, Silicius Alcobendas, Santboiana eta El Salvador. Titulua eskuratzeko play off-a jokatuko dute. Beheko multzoan Complutense Cisneros, Barça Rugby, Les Abelles, Pasek Belenos eta Pozuelo Rugby izango ditu aurkari Ampo Ordiziak. Mailari eusteko lehia izango da, eta titulua eskuratzeko final laurdenetarako bi txartel ere izango dituzte jokoan.
Otsailaren 24tik aurrera jokatuko dute Ohorezko Mailako bigarren zatia, geldialdia izango baita Errege Kopako finalerdiengatik eta Europako Errugbi Txapelketarengatik.