‘Grafikaz’ erakusketa ikusgai dago Aterpe tabernan
Gorka Larrañaga artista azkoitiarraren lanak otsailaren 14ra arte egongo dira ikusgai.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/01/gorka-larranaga.jpg)
Gorka Larrañaga Aterpeko erakusketan.
Proposamen berri batekin datoz Beasaingo Aterpe tabernako lagunak. Gorka Larrañaga (Azkotia 1974) artistaren Grafikaz izeneko erakusketa ikusgai dago otsailaren 14ra arte. Artista azkoitiarraren hamaika piezak osatzen dute, grabatu teknika ezberdinekin eginak. Grabatua, irudi bat xafla edo matrize batetik transferitzean egiten den artea da, eta paper-xafla baten gainean, paperari eta matrizeari presioa aplikatuz lortzen da.Teknika honek aukera ematen du irudi artistiko beraren kopia desberdinak egiteko, eta mendeetako tradizioa da.
Larrañagaren kezkak
Larrañagak aurkeztutako lanen artean hainbat teknika aurki daitezke; Akuafortea, linograbatua eta serigrafia, besteak beste. Lan horietan sortzaileak irudiaren eta egiteko moduen inguruan dituen kezkak islatzen ditu.
Erakusketan jarri dituen lanak bi multzotan bana daitezke. Alde batetik, hainbat erakunde eta enpresa pribatuetarako enkarguz egindako lanak (Bulegoa Euskadiren ordezkaritza Mexikon, Eusko Jaurlaritzan, Emprebask Mexikon edo Alberdi Mekanizazioak).
Eta bestetik, Mexikon, La Tranpa Grafika izeneko tailerrean egindako lanak. Bigarren multzo honetan, sortzaile azkoitiarraren berezko estetika mutante eta naturalista ageri da. Ez da, beraz, gai edo kontzeptu jakin bati buruzko azalpena, baizik eta egile honek artearen genero honetan egindako lanak dira, eta hortik dator erakusketaren izenburua.