Santa Ageda bezperan kantuan aterako dira Ezkion
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2024/01/santa_ageda_bezpera_ezkion.png)
Datorren otsailaren 4an izango da Santa Ageda bezpera eta Ezkion, dagoeneko hasita daude egun horretarako ekintzak antolatzen. Ohitura zaharrak bizirik mantendu daitezen, herritar guztiei egin diete kopla zaharrak abestera joateko gonbidapena.
Goizean, 11:30ean Argindegi ostatuan elkartu eta pintxo bat janez hasiko dute eguna. Argindegitik bertatik abiatuta, udaletxea, Mirada, Errekabarrena eta Itugainen geldialdiak egingo dituzte koplak —zaharrak eta berriak— abesteko. Imanol Insausti trikitian eta Iñaki Larrañaga panderoan izango dituzte lagun ibilbidean. Topa ostatuan amaituko dute, bertan bazkaritara biltzeko. Bazkal ostean erromeria egongo da trikitilariekin.
Bazkarira joateko izena eman beharra dago urtarrilaren 31 baino lehen, horretarako udaletxera deitu daiteke (943 72 13 03). Helduentzako bazkaria 20 euro ordaindu beharko da eta haurrena 10 euro.