Legazpiko Korrika Txikia ostegunean, hilaren 21ean, egingo dute
Herriko hiru ikastetxeetako ikasleek parte hartuko dute. Goierritik abiatuko da 14:45ean, eta plazan amaituko da Oihan Vegaren disko festarekin.
Legazpiko Korrika Txikia hilaren 21ean, ostegunean, egingo dute herriko ikastetxeetako ikasleek, 14:45etik 16:30era bitartean. Herria zeharkatuko du, eta disko festa batekin amaituko da plazan.
Korrika Txikia Goierri jatetxearen parean hasiko da, Urtatzan, Laubideko kale nagusia zeharkatu, biribilgunean San Inazio aldera joango da, eta Muru inguruan aldapan behera joango da Santikutz kalera. Haztegi ikastola paretik igaroko da, eta Patrizio Etxeberria kaletik, Euskal Herria plazara iritsiko da.
Plazan manifestu bat irakurriko dute udaletxeko balkoitik, eta Oihan Vegak girotuko duen dantzaldia hasiko da ondoren. Festa 16:30ean amaituko da.