Pandemonium rallya, esperientzia gogorra baina ahaztezina
Aitor Jorge eta Iñigo Ruiz legazpiarrak itzuli berriak dira Marokoko basamortuan zehar egin den rally solidariotik.
Aitor Jorge eta Iñigo Ruiz iritsi berriak dira Marokotik, basamortuan Pandemonium rallya egin eta gero. Argazki bilduma ederra eta inoiz ahaztuko ez dituzten esperientziak ekarri dituzte handik, berriz itzultzeko gogoarekin batera.
“Une gogor batzuk bizi izan baditugu ere, esperientzia oso polita izan da orokorrean, eta oso atsegina” esanez laburtu dute abentura. Elkartasun kutsua duen rallya da Pandemonium, eta bi legazpiarrek material ugari eraman dute han banatzeko, neguko arropak, jostailuak, eskolarako… “Jendeak asko eskertu du eman dieguna, toki askotan ez dutelako ezer. Umeen aurpegiak eta haien amenak ikustea oso polita izan da… Trukean, zuten gutxi hura ematen ziguten gainera, eta bazkaltzera ere gonbidatzen zintuzten”. Lagun ugari utzi dituzte han, “familia txikiak osatu ditugu hangoekin”. Emozioz beteriko uneak bizi izan dituztela esan dute.
Alde txarrak ere izan ditu abentura honek, arazo asko izan dituztelako eraman zuten Suzuki Samurai autoarekin. Hala ere, bat izan ezik, etapa guztiak amaitzea lortu zuten. “Ordu asko igaro ditugu kotxean sartuta, hotza pasatu dugu, elurra egin digu, euria…”. Amaiera ere ez zuten oso gozoa izan, mugara iristeko denbora asko behar izan zutelako, eta behin mugara iritsitakoan, ordu asko igaro behar izan zutelako ferrya hartzeko zain, “ia bi egun egon ginen lorik egin gabe”.
Orain etxean daude, eta, aspaldiko partez, “hemen duguna estimatzen” hasita daude berriz ere.