Iratzarri emakume elkarteak eta Javier Iraetak jasoko dute aurtengo Olaria saria
Herritarrek egindako proposamenak dira biak. Maiatzaren 3an, ezpata-dantzaren ekitaldian zehar jasoko dute saria.
Aurtengo Olaria saria Iratzarri emakumeen elkarteak eta Javier Iraetak jasoko dute maiatzaren 3an, Santikutz jaietako ezpata-dantzaren ekitaldian zehar. Legazpiarrek aurkeztutako zazpi hautagaien artean aukeratu dituzte bi sarituak, eta ex aequo jasoko dute aitortza.
Legazpiko Udalak urtero ematen du Olaria saria aurreko urtean zehar edo bere ibilbideagatik nabarmendu den pertsonari edo erakundeari. Herritarrek aurkezten dituzte hautagaiak, eta horretarako propio sortutako epai-mahaiak hautatzen du horien artean bat, eta udalbatzari bidaltzen dio proposamena, horrek azken oniritzia eman dezan.
Aurten zazpi hautagai aurkeztu dituzte herritarrek: Irene Paredes futbolaria, Juan Mari Burguera eskultorea, Zine Klub elkarteko boluntarioak, Iratzarri Emakumeen Elkartea, Erregeen Kabalkadako parte hartzaileak eta antolatzaileak, saskibaloi klubeko Javier Iraeta eta Cristina Limia kazetaria.
Epai-mahaia, berriz, Eric Galvez alkateak, EAJko Edurne Matiasek, PSE-EEko Oscar Valbuenak, EH Bilduko Edurne Gonzalezek, iaz Olaria jaso zuen Nagusilan elkarteko Xabier Arrondok, Ontto Beltz elkarteko Jorge Gilek, Katxalin elkarteko Ana Isabel Martinek eta Beti Gazte elkarteko Josu Dorronsorok osatu zuten. Bozketa egin zuten guztien artean, eta berdinketa suertatu zen Iratzarri eta Iraetaren artean. Emaitza bera izan zen bigarren zozketan, eta horren ondoren, saria konpartitzea proposatu zioten udalbatzari. Horrek, martxoaren 26ko bilkurak berretsi zuen saria Iratzarriri eta Javier Iraetari ematea.