Legazpi Erdi Aroan murgilduko da asteburuan
Erdi Aroko azoka egingo da Kale Nagusian eta Euskal Herria plazan. Ikuskizun ugari izango dira ostiraletik igandera, eta era askotako gaiak salduko dituzten 60dik gora postu jarriko dituzte. Herriko hainbat merkatarik ere parte hartuko dute.
Antzinera salto egin, eta Erdi Aroan murgilduko da Legazpi asteburuan, udalak Xacobeo 2021 Camino del Norte eta Eventos Globales enpresekin batera eta Ilintiren laguntzarekin antolatu duen azokaren kontura. Kale Nagusia eta Euskal Herria plaza antzinako garai haiek irudikatuko dituzten postuz eta ekitaldiz beteko dira ostiraleko 17:00etatik igandeko 20:30era arte.
Tarte horretan, izango da zer ikusi, zer erosi eta zer jan eta edan, herriko bi gune horietan jarriko diren 60tik gora postuetan eta egingo diren ikuskizunetan. Egitaraua gaur goizean aurkeztu dute udaletxean Amaia Aizpurua zinegotziak eta Susana Torregarai udaleko merkataritza teknikariak, Ilintiko teknikari Pili Gutierrezek eta Xacobeo 2021 eta Eventos Globales enpresetako Pedro Carrascok eta Asier Velascok.
Legazpiko Erdi Aroko azoka ostiralean 17:00etan irekiko da, baina irekiera ofiziala larunbatean izango da, 10:30ean Kale Nagusiko barrenetik plazarantz abiatuko den desfile ikusgarriarekin. Bertan, saltzaile guztiek eta ikuskizunetako kideek parte hartuko dute.
Ostiralean 17:00etatik 22:00etara, larunbatean 10:30etik 14:30era eta 17:00etatik 22:00etara, eta igandean 10:30etik 14:30era eta 17:00etatik 20:30era egongo da zabalik azoka.
60 postu, ikuskizun ugari
Erdi Aroko azoka hartuko duten guneak apainduta daude dagoeneko koloretako bandera txikiekin. Gune horietan, Kale Nagusian eta Euskal Herri plazan, udaletxearen eta parrokiaren arteko kalean, era askotako gaiak salduko dituzten 60tik gora postu jarriko dituzte. Bitxiak, kosmetika naturala, larrua edo zeramika erosteko aukera izango da horietan, baita hestebeteak, gozoak, garrapiñatuak eta jangai arabiarrak ere. Taberna ere izango da. Larunbat eta igande eguerdian itxi egingo dituzte postuak, baina taberna zabalik egongo da eta bertan bazkaltzeko aukera izango da.
“Erdi Aroan nola bizi ziren, nola lan egiten zuten, nola jolasten ziren, zer jaten zuten” ikusteko eta ezagutzeko aukera izango da, Amaia Aizpuruak azaldu duenez, eta horrekin batera, ikuskizun ugari ere izango dira. Hala, asteburu osoan zehar, kale antzerkia, ipuin kontalaria, musika, dantza, borroka, su ikuskizunak eta haurrentzako gunea eta jolasak izango dira. Ikuskizun horiek Pyros antzerki taldeak, Ulma Regnum armadura-borroka taldeak, Dakkar Nakhil musika taldeak, Eulali ipuin kontalariak eta Barzonia animazio taldeak egingo dituzte, hainbat alditan.
Herriko merkatarien partaidetza
Erdi Aroko azoka honetan Ilintik ere parte hartuko du, eta okasiorako apaintzeaz gain, postuak ere jarriko dituzte hainbat merkatarik.
Beste modu batera ere parte hartuko dute herriko dendariek, eta gaurtik aurrera horietan gastatutako 10 euroko, haurren gunean izango diren atrakzio ekologikoetan ibiltzeko txartel bat emango dute opari.
Opari gehiago ere izango dira, eta larunbatean 13:30ean Erdi Aroko arropekin jantzita plazara hurbiltzen direnen artean, herriko dendetan gastatzeko 5 euroko 50 txartel zozkatuko dituzte azokaren antolatzaileek.
Egitaraua eta azokaren xehetasunak www.erdiarolegazpi.com webgunean ikus daitezke.