«Ez nekien Urrezko Domina existitzen zenik ere. Pozik nago»
Ordizia futbol taldeak Urrezko Domina emango dio Ander Galparsorori (Ordizia, 1993) larunbatean Altamiran, denboraldiko azken partidan. Beste urtebetez behintzat jarraitzeko asmoa du kapitainak.

Denboraldiko azken partidan, larunbatean, 18:00etan, Altamiran, Urrezko Domina emango dizu zuzendaritzak.
Ez da nire azken partida izango, eh?! Ni ere ezustean harrapatu ninduen pixka bat. Nik esan nien ez nuela utzi behar. Baina dirudienez, domina hori ez da ematen futbola uzteagatik, beraien ustez ibilbide bat egina daukan jokalariari ematen diote. Entrenatzaileak eta zuzendaritzakoak ados jartzen omen dira… Zerbait ondo egingo nuen, gustura geratu direla dirudi. Badirudi azken 30 urteetan hiru jokalariri bakarrik eman dietela. Horietako bat, nire entrenatzailea denari, Javi Fernandezi, 1994an. Haritz Egurenek (2008) eta Iñaki Iraolak (2009) ere jaso zuten Urrezko Domina. Nik ez nekien existitzen zenik ere. Pozik nago, urduri ere bai. Ez dakit oso ondo zer izango den…
Zenbat urte daramazu Ordizian?
Alebinetatik, 11 bat urtetik, hemeretzigarrena izango da seguruenera. Bi urte egin nituen Idiazabalen.
Jarraitzeko asmotan orduan.
Bat gehiago bai, hortik aurrera ez dut ikusten bi edo hiru gehiago egingo ditudanik. Oso gustura nabil. Gero eta azkarrago uzten du jendeak, baina ni oso gustura nago. Denbora asko kentzen du, baina oso ona da, errutina bat ere ematen dizulako. Astean zehar entrenamendurik edukiko ez banu, kirola egingo nuke baina ez da berdina. Asteburuetako nerbio horiek ere, gaztetxoa nintzenean bezala. Asteburu guztiak lotuta, entrenamenduak… Konpromisoa ere bada. Arratsaldeko zortzietan entrenatzen dugu, lanetik etorrita. Baina gustura.
Erregionaleko Ohorezko mailako azkeneko postuan dago Ordizia. Hurrengo denboraldian maila bat beherago, Gorengo mailara jaitsiko zarete.
Zer eginik ez daukagu asteburuan. Hortxe eduki dugu baina. Iaz igo egin ginen Gorengo mailatik Ohorezko mailara, eta aurten berriz ere jaitsi. Duela bi urte jaitsi ginen, iaz igo, eta aurten berriz jaitsi.
Mailaz mantentzea asko kostatzen da?
Asko. Talde gutxi dira. 18 talde dira eta hiru jaisten dira. Eta igotzea ere zaila da. Jaisten zarenean ematen du gainerako taldeak kaxkarragoak, edo herri txikiagokoak direla, baina asko kostatzen da igotzea. Beti agertzen dira taldeak goian ibiltzeko.
«Denboraldi bat gehiago bai, hortik aurrera ez dut ikusten gehiago egingo ditudanik»
Azkeneko partida Beasainen aurka duzue.
Pentsa maila mantentzea jokoan edukiko bagenu! Beasainentzat oso partida garrantzitsua da, berdinketa edo irabaztea beharko lukete, bestela maila galtzeko arriskuan leudeke. Dena den, ez dauka zaila, atzetik dauzkan taldeek oso partida zailak dauzkatelako. Printzipioz mantenduko dira galduz gero ere. Gu ez gara utziko behintzat!
Aurten zer gertatu da mailari ezin eutsi ahal izateko?
Zaila da azaltzea. Talde oso polita daukagu, oso gaztea ere bai. Maila hauetan momentu klabe batzuk egoten dira eta horretan huts egin dugu. Partidetan maila ematen dugu, edozein partida irabazi ahal izan dugu, baina arean asko huts egiten dugu. Gol asko jaso ditugu, eta ez dugu golik sartu. Eta futbola horixe da. Baina oso giro ona eduki dugu. Ez gara honetatik bizi, eta erlatibizatu egin behar da. Helburua mantentzea zen baina…
Kapitainetako bat zara.
Lau gara, eta txandakatzen joan gara. Urteengatik izango da, pentsa, 31 dauzkat. Nire ustez, orain dela hamar urte ez nintzateke kapitaina izango, nire izateko eragatik. Baina adinak eta esperientziak ematen du. Jendea aldatzen da zentzu horretan.
Helduena zara, gazteagoen irakasle eta erreferente.
Konturatu gabe egiten da hori. Taldera iristen direnean Institutuan edo Unibertsitatean daude, ni lanean… beste bizimodu bat da. Konturatu gabe ere, transmititzen da.
«Hainbeste urteren ondoren, bigarren etxea bezala da Altamira»
Zein postutan jokatzen duzu?
Eskuin hegalean, erdian eskubitik. Urteekin txispa ere galdu egiten da eta atzera ere eraman naute, atzean, eskuinetik.
Zure bigarren etxea izango da Altamira.
Hainbeste urteren ondoren, bigarren etxea bezala da bai. Asko sentitzen dut. Pentsa, badira ordu batzuk bai! Astean hiru entrenamendu eta partida. Aldatzen ikusi dut hau dena: txikitan, Anexoa zegoen behean, harrizko zelaia, Altamira belar naturalekoa zen, belar artifiziala bi aldiz aldatu dute…
Hitzen batzuk esan beharko dituzu Urrezko Domina emateko ekitaldian? Prestatu duzu?
Espero dut ezetz. Gauean afaria egingo dugu eta hor hitz egin behar badut, hitz egingo dut. Ez dakit oso ondo zer izango den.
Futbola utzitakoan…
Entrenatzaile ez naiz ikusten. Hemen ibiliko naiz eta lagundu behar bada lagunduko dut. Baina ez naiz ikusten entrenatzaile bezala. Jokatzea gustatzen zait, ariketa fisikoa egitea.