Urola eskubaloi taldea denboraldi bukaerako festa ospatzen ari da
Klubeko talde guztien arteko lagunarteko partidak, gurasoen eta seme-alaben artekoak, eta bazkaria egingo dituzte.
Urola eskubaloi taldeak amaitu du 2023-2024 denboraldia, eta, lehenengo aldiz, festa batekin borobildu dute kirol urtea. Orain arte txango bat egiten baldin bazuten ere, gero eta toki gehiagotan zabaldu den ohitura berenganatu dute aurten: elkarte barruko jokalari, arduradun, entrenatzaile, guraso eta laguntzaileen artean festa bat egitea.
Goizean, nola ez, eskubaloi partidak jokatu dituzte. Ispilla kiroldegian, 5 minutuko partidatxo laburretan elkartu dira urtearen gainerakoan elkarrekin aritzeko aukerarik ez duten jokalariak. Kategoria ezberdinetakoak nahasturik, neska eta mutil talde berean aritu dira jokoan. La Salle ikastetxeko jolastokian, berriz, eskubaloi eskolako haurrak eta gurasoak zebiltzan, elkarrekin nor baino nor. Jolastokian bertan, 320 lagun elkartu dira gero, bazkaltzeko.
Urola eskubaloi taldeak 180 jokalari dauzka, une honetan, hamalau taldetan banatuta. Bere historiako kopuru handiena da. Mutiletan kategoria guztietan ditu taldeak, eta nesketan ere bai, jubenilena izan ezik (kadeteetatik seniorretara jauzi egiten dute). Hiru urte daramate neska seniorren lehiatzen.
Denboraldiari errepaso bat emateko ere baliatu dute aukera klubeko kideek. Senior mutiletan, Gipuzkoako 1. Mailatik igotzea zuten helburu, igoera fasera sailkatzekoa, gutxienez. Ez dute lortu, baina datorren denboraldirako saiatuko diren hitza eman dute.
Garaikurrak ere etxeratu dituzte, ordea. Jubenil mutilek Federazioaren Trofeoa eta Kopa irabazi dituzte; kadete mutilak Ligako txapeldun geratu dira; bigarren urteko infantil mutilek Kopa irabazi dute; eta Gipuzkoako 2. Mailako mutil seniorrek Federazioaren Trofeoa. “Hobekuntza nabarmena” izan dela aurten adierazi dute klubekoek.