Udako bigarren bero olderako prestatu beharko du Goierrik, asteburuan
Igande arratsalderako bero galdagatik abisu laranjara igo dute alarma. 40 graduak gaindituko dituela dio Euskalmetek. Bihar larunbata ere 33ra gora igoko da.
Bero zakarra eman dute asteburu honetarako. Euskalmet agentziaren arabera, bihar 33-35 gradu ingururaino berotuko du barnealdean, eta igandean oraindik gehiago igoko da tenperatura maximoa, 40-41 graduraino; hego haizeak galdatutako giroa egingo du. Gaur, ostirala, 28-29raino iritsiko da beroena.
Bero handiagatik abisu horia aktibatuko dute bihar, eta igande arratsalderako laranjara igoko du alarma Euskalmetek (Aemet espainiarrak, gorrira). Baso sute arriskuaren maila ere abisu horian egongo da igandean.
Asteburuaren ondoren, astelehenerako eta astearterako tenperatura freskatu egingo da, ipar-ekialdeko eta iparreko haizearen eraginez. Euria ere egingo du.