ELA gaixotasuna dutenen aldeko elkartasunak irabazi du
Parte hartze zabala eta giro ezin hobea izan dira Legorretan elkartasun festa honen bueltan. Argazki galeria albistean.
Eguraldia lagun eta giro ezin hobea izan da Legorretako elkartasun lasterketan, gaur goizean. 200 partaide izan dira, batzuk lasterka, eta beste batzuk oinez parte hartu dutenak, ELA gaixotasuna duten pertsonen alde. Helburu bikoitza du Pikuk Kirol Klubak antolatzen duen ekitaldi honek; batetik, ikusgarritasuna ematea kaltetuak diren pertsonei eta haien senitartekoei; eta bestetik, dortsalen bidez diru bilketa egitea, kasu honetan, Adela EH elkarteari bideratzeko.
Kirol arloari dagokionez, partaidetza zabala izan da eta antolakuntzako kideak “oso pozik” agertu dira. Leku askotako partaideak izan dira, baita Legorretar asko ere tartean. Lasterketako azkarrenak, gizonezkoen artean, Juan Garikano, Ion Larrañaga eta Gaizka Lasa izan dira. Emakumezkoen artean berriz, Eider Calahorra, Amaia Leunda eta Naiara Domeño izan dira helmuga gainditzen lehen hiruak. Herriko establezimenduetan gastatzeko erosketa bonuak izan dituzte sari bezala.
Azkarrenak aipatutako seiak izan badira ere, aipamen berezia merezi dute partaide denek, lasterketa bat baino gehiago den honetan parte hartze hutsagatik. Elkartasun lasterketaren zazpigarren edizioa izan da aurten. Avite Talidomidaren kaltetuen alde hasi zen ekitaldia. Zure irrifarra gure indarra da taldearen eta Gautenaren alde ere egin dituzte edizioa bana, eta aurten, ELAren kaltetuei eman nahi izan diete ikusgarritasuna.
Lasterketa baino elkartasun keinu zabalagoa izan da. Herriko plazan postu desberdinak izan dira goiza girotzen, eta gainera, garagardo azoka ere ospatzen dute gaur. Egun bete-betea izango da beraz Legorretan.
Adela elkartearen izenean “eskerrik asko”
Adela ELAren kaltetuen elkarteko ordezkariek adierazi dute horrelako ekitaldiak antolatzea “zoragarria” dela. “Ikusgarritasuna ematea lortzen dugu eta eskertzekoa da ahalegina”. Gainera, dortsalekin bildu den dirua, Adela elkarteari bideratuko diote. “Elkartearen izenean eskerrak antolakuntzari eta partaide denei, elkarte-kideentzat oso garrantzitsua baita eguneroko bizi kalitatea hobetzeko. Izan ere, tratamenduak oso-oso garestiak dira, eta laguntza guztia beharrezkoa da”.
Jarraian, goizak eman duena irudietan: