Asian jatorria duen tatsoi barazkia, lehen aldiz ferian
Hego Haizeak markatutako ferian, tipulin landarea eta pentsamendu lorea izan dira berritasunak, Abel Goiburu gaztagilearen denboraldi amaierarekin batera.
Hego haizeak markatutako feria izan da gaurkoa, baina iragarpenek esandako indarrarekin ez da ibili, eta ez du euririk egin, gainera. Eguraldi epelak lagunduta, beraz, Garagartza plazan jarraitu dute gaur ere postuek, baina hainbat egokitzapen eginda, lekuz aldatuta agertu dira batzuk.
Datorren astean aldaketa gehiago ere izango dira, Abel Goiburu gazta saltzaileak itxi duelako denboraldia, eta hurrengo urteko otsaila-martxora arte agur esan duelako. Pozik amaitu du denboraldia, ondo saldu duelako, eta orain hurrengo kanpainari begira jarrita dago. Abenduan hasiko dira Idiazabalgo gaztandegian Goiburu izeneko Idiazabal jatorri izendapeneko gazta egiten, eta derrigorrezko bi hilabeteko ontze prozesua amaituta, esan bezala, otsaila edo martxoan hasiko da gazta berria saltzen. Orduan Plaza Nagusira gustura itzuliko litzatekeela esan du.
Agur honekin batera, berritasun batzuk ere izan dira, eta aipagarriena, landareen atalean, tipulina saltzen hasi direlako ferian dauden hiru postuetan. Ohi bezala, ehuneko sortatan jarri dute salgai landare hori, sorta bakoitza 3,5 eta 4 euro artean.
Barazkien atalera ere iritsi da produktu berri bat, tatsoi izenekoa eta Asiako jatorrikoa. Lehen aldiz ikusi da landare hori ferian, eta Natalia Magallanesek aurkeztu du. Azaldu zuenez, hosto erroseta bat da, eta hstoek zerba hosto txikien itxura duten bitartean, zaporea, zerben antzekoa omen du. Egosita edo gordinik jan daiteke. Kiloka jarri du salgai, 8 euroan.
Eta aurreko astean lekan aurkeztu bazuten ere, gaurkoan aletuta jarri dute salgai indaba edo babarrun beltza, Maria Jesus Oriak eta Arantxa Lopetegik, hain zuzen. Kiloa 15 euroan jarri dute.
Loreak eta perretxikoak
Lore landareetan ere izan dira berritasunak, biolaren ondoren, iritsi delako lore horren bertsio handia den pentsamendua. Iñaki Azanzak izan du salgai, 1,5 euroan bakoitza, biola bezala.
Saltsa perretxiko beltza iritsi dela ere esan behar da. Mikel Lasak aurkeztu ditu denboraldiko lehenak, kilo eskas bat, 22 euroan. Bestela, feria osoko eskaintza hauxe izan da: 26 kilo onddo 16 eta 28 euro artean, 42 kilo ziza hori (20-22 euro), 45 kilo niskalo (10-18 euro) eta 15 kilo gibelurdin (15-24 euro).
Laranja, granada eta kakia
Zuhaiztiko fruta saltzaileen postuetan ere iristen dira tarteka produktu berriak, eta gaurkoak denboraldiko lehen laranjak, granadak eta kakiak izan dira. Laranja kiloa, Valentziakoa, a2,25 eta 2,95 euro artekan saldu dute, granada 2,95 eta 3,95 euro artean, eta kakia, 3,25 eta 4,5 euro artean.