Harrobiko jokalarien ametsa
Egoitz Corada eta Josu Agirre errugbilari ordiziarrek Ampo Ordiziarekin debutatu dute Ohorezko Mailan.
Errugbiaren zelai mitiko batean, Valladolideko Pepe Rojo zelaian bete zuten «txikitako ametsa» urriaren 20an, Egoitz Corada (Ordizia, 2002) eta Josu Agirre (Ordizia, 2005) errugbilari ordiziarrek. Ohorezko Mailan debutatu zuten Ampo Ordiziarekin. «Sorpresa» izan zen bi gazteentzat lehenengo taldearen deialdian sartzea, «baina saria izan» dela nabarmendu dute. Hegalean jokatu zuen Coradak, eta 2-3 lerroan Agirrek.
Coradak azaldu du ostegunean bertan esan ziotela Valladolidera joango zela. «Sorpresa izan zen, ez nuen espero, saria izan da. Entrenatzera ere ordu erdi bat beranduago iristen naiz egunero, eta deialdian sartzea zaila zela ikusten nuen. Txikitatik neukan ametsa bete nuen». Agirre azterketetan zebilen eta asteartean ezin izan zuen entrenatzera joan. «Alainek [Araña] idatzi zidan esanez ostegunean entrenatzera joateko sin falta eta larunbatean seguraski Valladolidera joan beharko nintzela esanez. Sorpresa izan zen, ez nuen espero batere. Ez nekien hainbeste lesio zeudenik, hobeto geundela uste nuen».
Pepe Rojon
Batzuen zoritxarrak, besteen aukerak izaten dira eta Corada eta Agirrerekin batera, harrobiko, 23 urtez azpiko taldeko beste hiru jokalarik ere jokatu zuten Ampo Ordiziarekin: Ibon Zeberiok, Ioritz Mujikak eta Beñat Azurmendik. «Zaila da horra iristea. Zenbat gauza gertatu behar diren etxeko jokalari bat horra iristeko. Gero eta zailagoa da, gero eta profesionalagoa baita Espainian errugbia. Ona da, baina harrobitik datorren jendearentzat gero eta zailagoa». Debuterako eszenatokia ere ez zen nolanahikoa izan: Valladolideko Pepe Rojo zelaia, Vrac talde handiaren aurka. «Pepe Rojon jokatzea izugarria izan zen. Zelaia beteta zegoen. Ligako talderik onenetariko bat da gainera Vrac».
Emaitza 26-10 izan zen Vrac-en alde. Hala ere, Ordiziak maila ona erakutsi zuen eta bi debutariek ere bai. Coradak, gainera, entsegua sartu zuen. «Nik uste nuen erritmo eta pisu aldaketa askoz ere handiagoa izango zela. Lehenengo kontaktuan ikusi nuen beste kategoria bat zela, jende profesionala dago… Baina hamar minutuko gauza izan zen, ez genuen gehiago jokatu. Gustura sentitu nintzen. Asko disfrutatu nuen. Ikusi nuen beste kategoria bat, beste erritmo bat zela… Parean daukazuna ezberdina da… Baina ez nintzen jokoz kanpo sentitu», adierazi du Coradak.
Agirreren esanetan, «pixka bat arraroa» izan zen: «Hasieran egon ginelako 22 barruan denbora guztian erasoan, pare bat defentsa bakarrik egin genituen. Pixka bat galduta sentitu nintzen, baloia ez nuen asko hartu, nire lekuan ez nengoen bezala. Intimidatuta sentitu nintzen pixka bat, handiagoak direlako, zaharragoak direlako… gainera partida garrantzitsua zen… Hurrengo partidarako hori hobetzeko daukat. Nire parean zegoen jokalari batek 20 kilo ateratzen zizkidan».
Bigarren aukeraren zain daude ordiziarrak, lanean jarraitzeko gogoz. Altamiran jokatzea «beste txikitako amets bat» betetzea litzateke. «Azkenean bizi guztiko lana da», diote, txiki-txikitatik baitabiltza errugbian Ordizian. «Julen Goia batekin, Manu Mora batekin jokatzea… ametsa izan da. Ni Altamirara joaten nintzen aitarekin Manu Mora ikustera. Berarekin debutatzea espektakularra izan da», dio Coradak.
Bihar Altamiran
Aurreko asteko atsedenaren ondoren, berriz ekingo dio Ampo Ordiziak ligari. Sevillako Ciencias taldearen aurka jokatuko du bihar, 16:00etan, Altamiran, zaleen aurrean.