Gabonetako koloreak eta zaporeak iritsi dira feriara
Pazko lorea eta polboroiak hasi dira. Bestela, sagar kontuetan izan dira azken berritasunak, errezil grisa iritsi delako marmeladarekin batera.
Iluna, baina epela, eta euri tankerakoa gainera. Halakoa izan da goiza Ordizian, eta baldintza horiekin egin da asteazkeneroko feria, azken asteetan bezala, Garagartza plazan oraindik. Jende faltarik ez da izan, eta berritasunen bat edo beste ere aurkeztu dute saltzaileek, loreen eta fruten atalean, hain zuzen. Bisitariak ere ez dira falta, eta gaur Basque Culinary Centerreko talde bat, eta Lazkoako San Benito eta Irungo Dunboa ikastetxeetako ikasle mordoa ibili dira postuz postu, D’Elikatuz zentroko gidarien laguntzarekin.
Azaroa ez da oraindik bukatu, eta hilabetetik gora falta da oraindik Gabonak hasteko, baina Ordiziako feria hasi da festa horiei begira eskaintza moldatzen, gaur goizena agerian utzi duen bezala. Gozo saltzaileen postuetan badira asteak polboroiak, mantekadoak eta egun horietan hainbeste jaten diren fruitu lehorrak saltzen hasi zirela, eta orain loreetara ere iritsi da Gabon usain hori.
Izan ere, gaur ikusi dira dagoeneko urteko lehen Pazko loreak edo poinsetiak. Maria Dolores Mendizabalek eta Iñaki Azanzak zituzten salgai gutxi batzuk. Kolore gorrikoak zituzten bakarrik, eta 12 euroan landare bakoitza. Datozen asteetan beste prezio batzuk ere izango direla iragarri dute bi saltzaileek, baita kolore aldetik aukera gehiago ere izango dela, batez ere Mendizabalen postuan, honek zuriak, laranjak eta arrosak ere izaten dituelako beste urteetan.
Sagarretan, berritasunak>
Gabonekin lotzen den Pazko loreaz gain, sagar mota berri bat ere iritsi da feriara, errezil grisa. Igandean Gabiria jaioterrian egindako sagar lehiaketan hirugarren saria irabazi eta gero aurkeztu du gaur Jose Antonio Elosegik, kiloa 3,5 euroan. Tamaina handiko sagarra da, eta labean erreta jateko omen da aproposa, baina gordinik ere “oso ona” dagoela esan du. Elosegik sagar mota gehiago ere baditu aukeran: Bella de Boskoop, errezila, Idarret, Gordl Rush, Dalinette eta Mandy.
Sagarrekin egindako marmelada ere berria izan da gair. Astigoxo postuan zuen salgai Susanne Klemmek, etxeko sagarrekin eginda. Kilo erdi inguruko poteetan zuen, 5 euroan bakoitza. Eta marmelada pote horien ondoan, bizkotxo berriak ere bai, kuiarekin egindakoak. Errazioko bizkotxo txikiak ziren, 3,5 euroan bakoitza, eta aukeratzeko zituen kuia eta sesamoarekin egindakoa, kuia eta txokolateduna eta kuia eta mahats pasak zituena.
Onddo ikusgarriak eta kardua
Perretxikoen atalean, berriz, Barcinak zituen onddo ikusgarriak aipatu behar dira. Hemengo basoetan ez badago ere, urrutira joan gabe ekartzen dituzte feriara perretxikoak udazken honetan Barcinak eta Lasak. Gaur honako eskaintza osatu dute: 140 kilo onddo (18-22 euroan kiloa), 60 kilo niskalo (12-20 euro), 15 kilo saltsa perretxiko beltz (20 euro) eta 15 kilo mendiko angula (20 euro). Arantxa Lopetegik beste hiru kilo niskalo ere eskaini ditu, kiloa 18 euroan.
Nafarroako kardua Zuhaiztira iritsi dela ere esan behar da. Kruz fruta dendakoek zuten salgai, pieza osoak, bakoitza 4,95 euroan.