Porrotx eta Mari Motots Legazpin izan dira gaur urteroko bisita egiten
Ostirala iritsi da! lana aurkeztu diete herriko ikasle txikienei Latxartegi aretoan egindako bi emanaldietan.
Porrotx eta Mari Motots Legazpin izan dira gaur, urtero bezala herriko bi ikastetxeetako ikasle txikienei egin duten azken lana aurkezteko. Bi pailazoak Pupu eta Lore bikiez lagunduta izan dira Latxartegi aretoan, eta Ostirala iritsi da! ikuskizun berriaren protagonista den Txapas ere ondoan izan dute.
Gaur bi emanaldi egin dituzte Katxiporreta Kooperatibako pailazoek Latxartegi aretoan, bi ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasle gaztetxoenen eta Haur Hezkuntzako 3, 4 eta 5 urteko ikasleen aurrean.
Txapasi omenaldia
Haurrei, familiei eta “sudurgorriak maite dituen orori” zuzendutakoa Ostirala iritsi da!, Katxiporretako pailazoen “abentura berria”. 2023ko azaroan argitaratutako Txapasen kaxa magikoa ipuin eta disko ilustratuetan dago oinarrituta saio hau.
Katxiporretako kideek azaldu dutenez, Josu Txapartegi Aramendi (Zarautz, 1946), Txapas ezizenaz ezaguna, “euskal akordeoilari, idazle, abesbatzako zuzendari, organo-jole eta sortzaile oparoa da, Imanol Urbietaren lagun eta kide oso gertukoa izandakoa”. Irakasle jubilatua da egun Txapas, “nahiz eta inoiz ez den heziketa mundutik erretiratuko”. Bere bizitzan hamaika abesti sortuak dauzkala esan dute, eta “astero astero egiten die ikasgelara bisita haurrei kontu-kantari”. Txapasen abestien artean Ostirala iritsi da! da ezagunena, “ostiralero ikastetxe askotako jolastokietan entzun genezakeena”.
Horregatik, azken lan honekin Katxiporreta Kooperatibak “aitortza egin nahi die Txapasi eta berak bezala, egunerokotasunean haien balioak eta bizipenak maitasunez eta ilusioz partekatzen dituzten hezitzaile guztiei”.
“Ostirala iritsi da!” saioan Txapasen zein Imanol Urbietaren kantuek presentzia berezia izango dute (Xabier Zabala konpositore eta musikoak egindako konponketekin), baita jolasek, naturak eta bestelako sorpresek ere.
Hauxe da lanaren sinopsia: “Gaur egun berezia da eskolan, Txapas irakaslearen azken laneguna baita. Harekin bizitutako abenturak eta ikasitako gauza polit guztiak ospatzera datoz Pupu, Lore, Porrotx eta Marimotots herriko lagunekin batera. Basoa, jolasak, eskulanak, kantuak, irriak eta bihurrikeriak ez dira faltako. Txapasekin beti da ostirala!”
Ikuskizunetan Pirritxen falta
Ostirala iritsi da! lanaren gidoiaz eta produkzio artistikoaz Katxiporreta Kooperatiba arduratu da, eta koreografiez Izaskun Forcada Pascual. Soinuaz eta bestelako efektuez Garikoitz Aranzabal Lasa teknikaria arduratu da.
Ikasturte honetan Katxiporretak eskainiko duen ikuskizunean ez da Aiora Zulaika “Pirritx” arituko, “atsedenaldia hartuko baitu”. Abentura berri honetan, urterokoaz gain, artista berri bat taularatuko da taldearekin, Joanes Etxebeste, “so gaztea izanik ere, pailazogintzan Pontx pailazo gisa eta Go!azen telesailean aktore lanetan eskarmentu handia duena”; Loreren papera egiten du lan honetan. Eta urterokoak dira Porrotx edo Joxemari Agirretxe, Marimotots edo Mertxe Rodriguez, Pupu edo Izaskun Forcada eta Txapas edo Oihana Sanchez
Abenduaren 28an, Ordizian
Legazpiko emanaldi hauen ondoren, bira abiatuko dute pailazoek Euskal Herrian zehar. Goierrira abenduaren 28an itzuliko dira, Ordiziara, hain zuzen ere.