Lanbide zaharrak taulatura eramango ditu aurten Korostik
Legazpiko dantza taldearen urteko saio nagusia hilaren 28an izango da, aurten. 'Lanbroan ahaztuak, dantzan piztuak' da ikuskizunaren izenburua. Sarrera doan da, eta gaurtik aurrera eskuratu daiteke Urbeltz tabernan.
Korosti dantza taldearen urteko ikuskizun nagusiak Lanbroan ahaztuak, dantzan piztuak du izenburua, eta hilaren 28an eskainiko dute Legazpiko dantzariek, Urbeltz pilotalekuan, 18:30ean. Antzinako lanbideei omenaldia egingo diete bertan, dantzaren eta musikaren bidez. Sarrerak gaurtik daude eskuragarri, doan, Urbeltz Tabernan, agortu arte.
Iruleak, zorrotzaileak, garbitzaileak, koltxoigileak, telefonistak… gaur egun galduta edo asko aldatu diren lanbide horiek eta beste batzuk eramango dituzte taulatura Korostiko dantzariek urte amaierako emanaldian, pregoilari batek egindako deiaren ondoren. Dantza guztiak lanbide bati lotuta egongo dira, atrezzoa lagun dutela.
Korostiren urteko saio nagusia da hau, eta dantzari guztiek parte hartuko dute, haur eta heldu, 4 urtetik 47 urtera bitartekoak, 60ko taldea osatu arte. Musikari batzuk ere izango dituzte laguntzaile: Iñaki Letamendia, Miren Fernandez, Andoitz Antzizar, Joselu Alonso, Andoni Garcia, Iñigo Azkue eta Iker Azpeitia.
Emanaldi honekin, urte “bikain” bati emango dio amaiera Korostik. Maite Gonzalez dantzariak bereziki gogoratu ditu Iñaki Palacios & The Gaels taldearekin apirilean egindako saioa, eta Kataluniara helduen taldeak egindako irteera. Urteko balorazioa “oso positiboa” izan da.