«Nor naizen deskubritzeko aukera eman dit bigarren proiektu honek»
Lau urtean Nogen taldeko abeslaria izan da lazkaotarra, harik eta 2022an bakarkako bideari ekin zion arte. ‘Nola aldatu gara?’ bigarren diskoa kaleratu berri du, eta ostiralean aurkeztuko du Lazkaon, 20:00etan, Areria aretoan.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/eider-saez-lazkao.jpg)
Eider Saez Izquierdok (Lazkao, 1998) sortzailetzat du bere burua. Uste du edozein izan daitekeela sortzaile, edo, behintzat, jaiotzen garenean denok garela sortzeko gai. Dioenez, sortu edo idazteak erlaxatzeaz gain, ideiak ordenatzen dizkio, eta aitortu du, hori badela, sortzeko zerbait.
Noiz hasi zenuen musika ibilbidea?
Txikitatik ibili naiz musika munduan. Gurasoek 6 urterekin Musika Eskolan apuntatu ninduten, eta urte guztiak erre arte igaro nuen bertan. Gero, bertsioak egiten hasi ginen, musika egitea gogoko genuen lagunarteko talde bat sortuta, eta denbora bat horretan eman nuen arren, 2018an Nogen taldera batzeko aukera sortu zitzaidan. Lau urtez bertan egon ostean, duela bi urte bakarkako prozesua abiarazi nuen. Prozesu interesgarria izan da.
Ba al da alderik bakarka edo taldean aritzearen artean?
Esango nuke askatasuna dela desberdintasunik handiena. Taldean nengoenean, erabakiak denon artean hartzen genituen, onerako edo txarrerako. Orain, berriz, askatasun hori nirea sentitzen dut; hasieran erantzukizun handia sumatzen nuen niregan, baina denborarekin ikasi dut halako proiektu batean bakarrik murgiltzea aberasgarria izan dela pertsonalki eta profesionalki. Arduraz jokatzen ikasi dut.
Presio handia da hori…
2018-2022 bitarteko urte horietan nabarmenagoa zen presioa. 19 urte nituen. Abeslaria nintzen. Abeslaria, emakumea eta gaztea. Imajina dezakezu neuregan sentitzen nuen presioa. Berriz ere aukera izango banu, gauza asko desberdin egingo nituzke, eta beste asko ez nituzke onartu ere egingo. Bizitako esperientziek, baina, esango nuke indartu egin nautela; urteetan asko aldatu zait perspektiba, pertsonala eta musikaren industriaren ingurukoa. Orain, ni naiz egiten dudanaren erantzule, eta nire askatasunaren barruan, nik hartzen ditut erabakiak. Lasaitasun handia ematen dit horrek.
Zein da zure erregistroa?
Taldean musika genero zehatza egiten genuen, eta alde batera utzi nuenean, esperimentatzeko gogoa nuen. Askatasun horretaz gozatu nahi nuen. Musika, azkenean, gozatzeko eta disfrutatzeko egiten dut. Lehenengo lanean erregistro desberdinak probatu nituen arren, bigarrengoan argi neukan zein estilotan mugitu nahi nuen, zein tonu erabili nahi nuen, eta zer zen kontatu nahi nuena. Autoezagutza honetan nor naizen eta nire gustuko gaiak eta soinuak zeintzuk diren deskubritzeko aukera eman dit bigarren proiektu honek. Ausartzeko aukera bat.
«Nire askatasunaren barruan nik hartzen ditut erabakiak. Lasaitasun handia ematen dit horrek»
Zein mezu zabaldu nahi izan duzu diskoarekin?
Disko honen idazketa prozesua hasi nuenean ohartu nintzen itxi gabeko zauri asko nituela gordeta; orduan ohartu nintzen nire barruan bazegoela zer kontatu, zer idatzi eta zer deskubritu. Hortaz, momentuaren arabera eta gorputzak eskatzen didanaren arabera mezu bat edo beste helarazi nahi izaten dut. Aurrenekoa baino introspektiboagoa da bigarrena; lehen ez nintzen barruan nituen zalantzak eta kezkak altuan esatera ausartzen, eta horretarako bide ere eman dit. Ezagutzen nauenak badaki, diskoa, bere horretan, ni naizela.
Zer diozu Euskal Herriko musika eszenaren inguruan?
Azken urteetan asko aberastu dela iruditzen zait, eta beharrezkoa zela uste dut. Orain aniztasun handiagoa dago iritzi aldetik zein musika aldetik, nahiz eta oraindik ere desberdintasun nabarmenak egon badauden generoari erreparatzen badiogu; agian ez da lehen bezain agerikoa gauza asko aldatu direlako, baina, oraindik kapa asko dago kentzeko zentzu horretan.
Nola eragiten du Euskal Herriko kulturak zure musikan?
Pisua du, bai, baina ez kultura folkloretik ulertuta. Orain elementu folklorikoekin sortzea modan dagoen arren, beti nahiago izan dut musika intimistagoa, edo ilunagoa. Egia da folklore horrekin identifikatuta sentitzen naizela, baina ez nau horretan sakontzera motibatzen. Nahiago dut soinu berriak ezagutu eta horren Euskal Herriratuak ez dauden zenbait soinu edo genero Euskal Herriratzea, hau da, munduan egiten diren beste milaka soinu eta produktutatik ikasi eta aberastasun horiek hemengoekin nahastea.
«Idazketa prozesua hasi nuenean ohartu nintzen itxi gabeko zauri asko nituela gordeta»
Berdina hizkuntzarekin. Aurreneko diskoan erdarazko abestiak egin nituen, azkenean, influentzia hori nabarmen islatu zen, Madrilen bizi nintzelako eta nire etxean ere gurasoekin erdaraz hitz egin izan dudalako beti. Baina bigarren honetan, berriz, naturalagoa suertatu zait, nire barrutik letrak ateratzeko garaian, euskaraz idaztea. Hala ere, ez dut deskartatzen etorkizunean bi hizkuntzetan jardutea. Hizkuntza, azkenean, bada espresiorako bide bat.
Nola uztartzen dituzu bizitza pertsonala eta profesionala?
Pisu handia ematen diot bizitza pertsonalari eta harremanak lantzeari. Azkenean, oholtzara igotzea efimeroa da; gaizki zaudenean lagunak ondoan izan nahi baditugu, harremanak zaindu behar dira. Hori da garrantzitsuena. Pisu handia ematen diot, aldi berean, nire burua errespetatzeari eta oreka hori mantentzeari, baina ez da erraza.
Etorkizunari begira, zer?
Gauza bakoitzari bere tartea ematea gustatzen zait. Nik musika egiten jarraituko dut, batek daki noiz arte.