Herrian eta udalean euskararen erabilera areagotzeko hizkuntza irizpideak ezarri dituzte
Legazpiko Udalak herritarren hizkuntza eskubideak bermatu nahi ditu horrela.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/img20241104085541-1200x904.jpg)
Legazpiko Udalean euskararen erabilera areagotzeko hizkuntza irizpideak onartu berri ditu Udal Gobernu Batzordeak, iazko ekainean 2024-2027 epealdirako onetsitako Plan Estrategikoari jarraituz. Udal barruan euskararen erabilera handitzea da helburu nagusia.
Hizkuntza irizpideak ezarrita, Legazpiko Udalak herritarren hizkuntza eskubideak bermatu nahi ditu, eta aldi berean, euskararen erabilera normalizatu eta sustatu. Gainera, euskara zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza izatea ere jomugan du. Udalean ez ezik, herrian ere sustatu nahi du euskararen erabilera.
Hizkuntza irizpideek besteak beste, udalaren kontratazioak, agerraldi instituzionalak, komunikabideekin harremanak, argitalpenak, jendaurreko ekitaldiak eta webgunearen edukiak jasotzen dituzte.
Gobernu Batzordeak herritarrak animatu ditu udalarekin harremanak euskaraz izatera. «Gure hizkuntza izan dadin erabilera orokorrekoa gure herrian».