Idiazabal zigiludun ardi gazta ere iritsi da
Azanzak salgai jarritako nartzisoek udaberriko loreen kanpaina hurbiltzen ari dela iragarri dute. Saltzaileak kezkatuta daude azoken bilakaerarekin.

Euritsua eta desatsegina, eta, gainera, berritasun gutxiko feria izan da gaurkoa. Baina aurkeztu dituzten produktu berriak nabarmentzekoak izan dira behintzat. Idiazabal gazta berria iritsi da batetik, eta loreak udaberriari begira jarri dira bestetik, nartzisoen iritsierarekin.
Aste pare bat badira denboraldiko lehen ardi gazta salgai jarri zela Ordiziako azokan. Eta gaurtik Idiazabal jatorri izendapenaren zigilua duena ere erosi daiteke dagoneko, berria. Mikel Lasaren postuan zuen salgai Eñaut Larrañagak, kiloa 24 euroan. Andia mendilerroko gazta da, Arbeltz izenekoa, Ihabar herrian ekoitzitakoa, hain zuzen.
Idiazabal gaztak ireki du denboraldi berria, beraz, baina aurkezpen ofiziala ez da apirilaren 23ra arte egingo. Ohi bezala, Ordiziako Artzain Eguneko ospakizunen baitan aurkeztuko dute, eta aurten asteazken hori egokituko da, apirilaren 23a. Aste Santuaren hurrengo feria izango da.
Baina Idiazabal zigilukoaz gain, Ordizian ardi gazta berri gehiago saltzen direla gogoratu behar da. Lasaren postuan, adibidez, beste hauek erosteko aukera dago: Nafarroako Intza eta Olaztiko bana, eta Amezketako Oteiza Goikoa izenekoa. Azken hori iritsi berria da, eta beste bienak bezala, 22 euroan dago horren kiloa ere.
Loreak, etxeko guztientzat
Loreetan, bestalde, udaberriko denboraldia hastear dago, Iñaki Azanzaren postuan ikusi den bezala. Nartzisoak aurkeztu ditu gaur, 4,5 euroan bakoitza. Tronpeta formako nartzisoak ziren.
Laster udaberriko lore berri gehiagorekin beteko du postua Azanzak, eta horien koloreek erakarritako erosleak eta kuxkuxeroak izango ditu inguruan. Gaur bertan, aitonarekin azokara joan den Eneko hurbildu zaio. Gaztetxo honen bisitak, loreak etxeko guztientzat direla erakutsi du.
Eta maiteminduta daudenentzat ere bai, Azanzak hori «desagertzeko bidean dagoen espeziea» dela esaten badu ere. Baina erabat desagertuta ez daudela ere pentsatuko du, ostiraleko San Balentin egunari begira, orkidea eskaintza zabala izan duelako, 19,5 eta 24 euro artean bakoitza. Egun horretan oparitzeko, «azaleak ere oso politak ditugu oraintxe», esan du.
Bisitariak eta erosleak
Eguraldi txarrak giro iluna jarri du Plaza Nagusian, baina bisitari gaztetxoek alaitu dute pixka bat goiz erditik aurrera. Asteazkenero izaten da ikasle talderen bat, eta gaur, D’Elikatuz zentroko teknikariek lagunduta, Tolosako Orixe institutuko ikasle talde bat eta horrekin trukea egiten ari den Belgikako beste ikasle talde bat izan dira, baita Urretxuko Gainzuri ikastetxeko LHko ikasle batzuk ere.
Erosleak, berriz, gutxi ibili direla esan dute saltzaileek. Kexa hori zabaldu dute behintzat batzuk sare sozialetan, ekoizle faltari ere erreparatuz. Hitz hauekin adierazi dute azoka honen, eta azoka guztien egoerari buruz duten kezka: “Gero eta gutxiago gara azokara jaisten garenak, urte guztiko uzta merkatuan saltzera. Belaunaldi berriak ez du nekazaritza eta abeltzaintza ogibide gisa aukeratzen, eta ondorioz, ekoizleak galtzen ari gara. Baina erosleak ere gero eta urriagoak dira… Azokak hutsik geratzen ari dira? Zer ari da gertatzen? Non daude azoka sustatu nahi duten erosleak?”.