Loak taldeak 'Bi ertz' diskoa aurkeztuko du bihar Legazpin
Karibe Zaharra tabernan kontzertua egingo dute musikari legazpiarrek, 19:30ean.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/loak_musika_taldea1-1200x800.jpg)
Loak musika talde legazpiarrak herrikideen aurrean aurkeztuko du bihar duela aste gutxi kaleratu duen Bi ertz diskoa. Karibe Zaharra tabernan egingo dute aurkezpen kontzertua, 19:30ean.
Jose Llamazares gitarra jotzaileak, Edu Gil gitarra jotzaile eta abeslariak, Asier Diez baxu-jotzaileak, Txutxin Calvo saxo-jotzaileak eta Joxe Arizkorreta bateria-jotzaileak osatzen dute Loak. Pop-rock estiloa jorratzen dute, euskaraz abesten dute eta Bi ertz diskoan, zortzi abesti propio bildu dituzte. Lanaren grabaketa Mutrikoko Ame estudioan egin zuten, eta lanerako hainbat kolaboratzaile izan zitzuten: Ander Martinez pianoarekin, Mikel Gordoa ‘Fuxi’ harmonikarekin, eta Sergio Muñoz biolinarekin. Biharko kontzertuan Martinez izango dute alboan, pianoa jotzen.
Bi ertz Kukue, Gurrutxaga, Karibe Zaharra, Urbeltz, Laubide eta Aitxuri taberna eta jatetxeetan dago salgai, 10 euroan, loaktaldea@gmail.com helbidera idatzita ere eros daiteke, eta entzungai dago plataforma digitaletan. Biharko emanaldian zehar ere salgai izango dituzte CD-ak.