Mariaje Auzmendik irabazi du Legazpiko Udalaren egutegiko urtarrileko saria
Errege Kabalkada zen erantzuna, eta 79 herritarrek asmatu dute. Herrian gastatzeko 50 euroko erosketa txartela irabazi du Auzmendik.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2025/02/p1280146-1200x801.jpg)
Mariaje Auzmendi izan da 2025eko Legazpiko udal egutegiko lehen lehiaketaren irabazlea, eskatutako erantzuna asmatzean: Errege Kabalkada. Aurtengo egutegia legazpiarrek herria harrotasunez begiratzeko hamabi arrazoiz bete dute, eta urtarrilean Errege Magoen kabalkada kokatu dute. Guztira 79 erantzun zuzen jaso ditu udalak, eta guztien artean egindako zozketan suertatu da irabazle Auzmendi. Herrian gastatzeko 50 euroko erosketa txartela irabazi du, eta Eric Galvez alkateak eman dio.
Orain, otsaileko lehiaketa dago martxan, eta irudiarekin zerikusia duen galderari erantzun behar zaio. Erantzunak internetez eman behar dira www.legazpi.eus webgunean, eta asmatzaile guztien artean 50 euroko saria zozkatuko du udalak.
Hauxe da irudiarekin batera otsaileko orrian doan bertsoa, erantzuna asmatzen laguntzeko:
Musika bandak giroa
ta trikitixak parranda
txistu, atabal, dultzaina
errondalla ere han da
Emaion, Trapalata,
ta Xaukena Elektrotxaranga
John Dealer, Elbereth, Anker
eta herriak eztanda
nahiz eta talde guztiak
ez dauden hemen esanda
bihotzez eskerrik asko
bertsoz nola ez esan ba
jarraitu izaten beti
Legazpiren soinu banda.