'Ordizia Ezagutu' egitasmoa jarri du martxan udalak
Otsailaren 26an hasi eta apirilaren 11ra arte, asteazkenetan eta ostiraletan egingo dira saioak, 10:00etatik 12:00etara bitartean. Parte hartzeko, aurrez izena eman behar da.

Ordiziako Udalak Ordizia Ezagutu egitasmoa jarri du martxan, “herriko bizia, baliabideak eta elkarteak gertutik ezagutzeko” aukera izan dezaten. “Bai Ordiziara iritsi berriei, bai urte batzuk bertan bizitzen daramatzatenei, eta baita betidanik herrian bizi direnei” zuzendua da. Udaletik nabarmendu dutenez, “hain zuzen ere, azken hauei deialdi berezia egin nahi zaie aurten”.
Otsailaren 26an hasi eta apirilaren 11ra arte, astean bi egunetan (asteazkenak eta ostiralak) egingo dira saioak, 10:00etatik 12:00etara bitartean.
Saio horiek hiru bloke nagusitan banatuta egongo dira.
- Herriko bizia: Ordiziako kultura, historia eta abar ezagutzeaz gain, udal ordenantzak, zaborren kudeaketa eta bestelako jakingarri praktikoak ere landuko dira. Herriko azpiegiturak ezagutzeko bisita gidatuak egingo dira, eta baita hainbat udal baliabide ere, hala nola: hizkuntza eskola, osasun zentroa, Kzgunea…
- Baliabideak: Herrian hainbat arlotan dauden baliabide publikoak ezagutuko dira: enplegu zerbitzuak, osasun zentroa, ongizate zerbitzuak… Azterritartasun legea edota atzerriko tituluen homologazioa ere landuko dira, besteak beste.
- Herriko dinamikak: Herriko elkarteak eta haien dinamika ezagutu eta egonaldiak egingo dira haiekin. Herriko agenda eta ekitaldien berri ere emango da, umeentzako saioak, kultur ekintzak, eta abar.
Egitasmoan parte hartzen duten guztiei, ziurtagiri bat emango zaie, saioen bukaeran. Parte hartzeko, aurrez izena eman behar da: 679 876 779 edo aniztasuna@ordizia.eus.