Ordiziako Azokako erosketak, udaletxe azpiko armairuetan
Ordiziako udaletxeko plaza azpian, Ordiziako Azokan egindako erosketak jasotzeko armairu eta hozkailu adimentsuak jarri dituzte. Azokako erosleak saritu nahi dituzte.

Europar Batasunaren Next Generation laguntza-funtsarekin aurrera eramandako Ordiziako Azokaren Transformazio Digital eta Iraunkorrerako Plana: Azoka XXI egitasmoaren barruan, bigarren fasea martxan jarri du Ordiziako Udalak: Ordiziako udaletxeko plaza azpian, Ordiziako Azokan egindako erosketak nahi denean jasotzeko armairu eta hozkailu adimentsuak jarri dituzte.
Adur Ezenarro alkatearen esanetan, “plaza eraberritzea izan da lanik garrantzitsuena edo ikusgarriena, baina bazegoen aurretik ere azoka biziberritzeko hausnarketa sakonago bat. Eta hor beti atera da, Ordiziako Azokak duen oztopo nagusiena, asteazken goizetan izatea dela, eta jende askok ezin duela lanorduetan etorri. Horregatik, pentsatu genuen takilla adimentsu batzuk jartzea”. Beasaingo Eun enpresak egin ditu neurrira armairu arruntak, eta Ordiziako ACV, Tandem eta Eukene Lekuonak egin dituzte diseinu eta informatika lanak.
Dena den, “ez da takillak jartzea bakarrik izan. Takillaren erabilera nola egin, bezeroak fidelizatu… Takillak hemen ikusten ditugu baina programa oso bat da. Bezeroak aplikaziotik edo webgunetik ekoizleekin harreman zuzena edukitzeko aukera izan dezan, erosketak baserritarrari zuzenean eskatzeko aukera izango da eta asteazkenean bertan jaso”.
Funtzionamendua
D’Elikatuzeko Leire Arandiak eman ditu armairuaren funtzionamenduari buruzko xehetasunak: “Ordiziako Azoka aplikazioa deskargatu behar da, ekoizleen fitxara joan, bertan eskaera egin, eta ekoizleak eskaera takillan utziko dio. Ordainketa bizum bidez edo adosten duten bezala egingo dute. Erosleari kode bat iritsiko zaio takilla ireki ahal izateko”.
Erabiltzaile guztien artean hilabetero zozketak egingo dira eta azokan erabiltzeko packaging jasangarria edo sukaldean erabiltzeko tresna desberdinez osatutako loteak zozketatuko dira.
Azokako erosleentzat sariak
Ordiziako Azoka biziberritzeko egitasmoaren barruan, asteazkenetan azokara joaten den eroslea ere saritu nahi dute. “Kasu horretan, Ordiziako Azoka aplikazioan izena eman ondoren, fidelizazioko txartel bat egongo da, eta azokan erosketa egiterakoan ekoizleek izango duten QR kodea irakurri beharko du. Hiru asteazken desberdinetan erosketa egiten dutenean, saria izango du”. D’Elikatuzen hartu ahal izango dute saria, edozein egunetan.
Zozketak
Erabiltzaile guztien artean, “bai takillak erabiltzen dituztenen eta bai azokan erosketak egiten dituztenen artean”, hiru hilabetean behin produktu loteen zozketak egingo dituzte.

Ordiziako Azoka aplikazioaren bidez egin ere ahal izango dira erosketak.